Barkamena eskatu behar diegu umeei?

Barkamena eskatzea, desenkusatzea, jokabide prosoziala da, harremanak izateko eta zelanbaiteko adiskidetasuna eta harmonia izateko aukera ematen diguna. Gizarte-harremanak eta bizikidetza arautzeko baliabide bat da.

Pertsona batek beste baten aurka bidegabekeria edo kalte bat egiten duenean, horren erantzukizuna bere gain hartzea espero da, eta barkamena eskatuz konpontzen saiatzea. Barkamena eskatzea ordaina edo konponketa da, eta mendekura eta indarkeriara jo dezagun  saihesten du. Barkamena eskatzen dugunean, beste aldeak aitortuta sentitzen du bere mina eta egin zaion kaltea, eta, beraz, onura handia da gizarte mailan.

Zalantza barik, barkamen-eskeak beharrezkoak dira gure gizartean; hori horrela izanik, ulertzen da positiboa, beharrezkoa eta bidezkoa dela barkamena eskatzea edonori, haren adina eta berarekin dugun harremana gorabehera, berriro gertatzea saihesteko konpromisoarekin batera. Egia da pertsona batzuei oso zaila egiten zaiela barkamena eskatzea, agian huts egin duela bestearen aurrean aitortzeko beldurragatik eta huts-egitea gure bizitzaren parte dela eta hobetzeko aukera ematen digula onartzeko zailtasunagatik.

Batzuetan, zalantzak sortzen dira umeei barkamena eskatu behar zaien edo ez, haien aurrean autoritatea galtzen dugula eta zaurgarri sentitzen garela senti dezakegu eta. Baina, bai zera!, ezelan ere ez, seme-alabei edo ikasleei barkamena eskatzeak ondorio oso positiboak ditu harremanetan. Era berean, geure buruari galde diezaiokegu zelan sentitzen diren umeak barkamenik eskatzen ez diegunean, eta zer ikasten duten. Ziur aski, sentitzen dute eurak eta beren sufrimendua ez direla behar bezain garrantzitsuak; beren erreakzioen eta kontrol-galtzeen errua besteei botatzen ikasten dute, ezin dutela akatsik egin eta are gutxiago besteen aurrean aitortu.

Haurrei barkamena eskatzeko arrazoiak:

1- Bidezkoa da. Egoera horretan pertsona heldu bati barkamena eskatuko bagenio, baita haur bati ere. Adingabeak beren zuzentasuna eta duintasuna errespetatzeko eskubide berbera duten pertsonak dira. Izan ere, helduen erantzukizuna da zaintzea eta ez kalte egitea. Beraz, kalterik egin badiegu, hori konpontzea da gure eginbeharra.

2-Beraien eredu gara. Haiek gizarte-trebetasunak ikastea eta beren jokabideaz arduratzea gura badugu, guk beraiekin horrela jokatzen dugula ikustea da modurik onena. Pertsona batek errespetuz jokatzen ikasten du errespetatua sentitzen denean.

3-Huts egin dezaketela ikasten dute. Esan bezala, huts egitea bizitzaren eta ikaskuntzaren parte da. Geure akatsak aitortzen ikusten gaituztenean, gauza naturala eta gizatiarra dela ikasten dute, eta hori gertatzen denean zer egin dezaketen jakiten dute.

4-Harremana konpontzen du. Haiekin bidegabeak izan bagara (oihu egin badiegu, gaizki tratatu baditugu, etab.) lotzen gaituen lotura hondatu dugu agian. Hori aitortzeko eta barkamena eskatzeko gai izateak kalte hori konpontzea ahalbidetuko du. (“Oihu egin dizut kontrola galdu dudalako, sentitzen dut”).

5-Atxikimendu segurua sustatzen du. Hau da, atxikimendu seguruak autoestimu ona eta besteekiko harreman-estilo egokitua baldintzatzen ditu. Guraso, irakasle, … garen aldetik, min egin dezakegu, baina baita zintzo jokatu eta eragindako mina konpondu ere. Horrek segurtasun-sentsazioa emango die, garrantzitsuak eta maitatuak izatearen sentsazioa, hala eta guztiz ere. Barkamena eskatzeak, ondo jokatu ez dugula onartzeak, besarkada bat emateak, beraien haserrea eta sufrimendua aitortzeak, negar egiten uzteak eta zelan sentitzen diren berbaz adierazteak … atxikimendu seguru hori sustatzen dute, eta balio pertsonala eta garrantzia duten sentimendua ere bai.

6- Elkarrizketa errazten du. Gure desegokitasunaz arduratzeak hurbilketa ahalbidetzen du, gertatutakoaz berba egiteko eta irtenbideak elkarrekin bilatzeko aukera.

Oso litekeena da guk geuk, seme-alaba gisa, barkamen-eske hori ez jaso izana gure bizitzako pertsona helduen aldetik, eta, horregatik, gogoeta egin eta galdegin diezaiokegu geure buruari: Gustatuko zitzaidakeen niri barkamena eskatu izan balidate? Egitate horrek, zer aldatuko zukeen? Zer ekarpen egingo zidakeen niri?

Lorena Méndez Robredo. Psikoterapeuta eta Diziplina Positiboan Hezitzailea.

Hona hemen BBK Family mediatekan dauden materialak laguntza emateko:

https://bbkfamily.bbk.eus/eu/mediateka/elkarrekin-hazi-komunikazio-ez-bortitza/

Gai horrekin harremana duen BBK Family artikuluak:

Gai horrekin harremana duen BBK Family bideoak:

BBK Family Learning

×