“Banantzeetan, ez bagara barkamenetik abiatzen, gure gorrotoa eta amorrua gure seme-alabek biziko dute”

Giza eboluzioaren psikologian aditua eta garapen emozionalean eta giza harremanetan espezialista den Anna Mascaró pedagogoak BBK Familyk antolatutako “Zelan banandu ondo” hitzaldia emango du urtarrilaren 26an.

– Anna, zergatik izenburu hori?

Gertatzen ari zaiguna, agian atsegina ez dena, prozesua burutzeko eta bakean bizitzera iristeko erabiltzea dakar ondo banantzeak. Saiatu behar dugu gertatzen ari dena ez ukatzen eta erresistentzia horiek zeharkatzen. Banantze-kasuak, askotan, geure ‘ego’tik bizitzen ditugu, eta hor agertzen da erresumin edo gaitzondoa, nire egoeraren errua beste pertsonak duela pentsatzen dugunean. Horregatik bizi behar ditugu gertaera horiek IZATETIK, horrela zergatik sentitzen naizen galdetzetik. Une horietan bizitzak ematen digun aukera aprobetxatu behar dugu apaltasunarekin konektatzeko, gaizki deituriko porrotek gure apaltasunarekin harremanetan jartzen gaituzte eta. Hortik eskertze-prozesura iristeko ibilbidea egin dezakegu, egoerak ikaskuntzak baitira, eta gure aukera da horiek ere esker onez bizitzea.

– Zer da banantzean pentsatzen ari den bikote bati ongi banatzeko lehenengo esango zeniokeena?

Nik esango nieke, lehenik eta behin, bakoitzak lan pertsonal bat egiteko eta elkarri barkatzera iristeko; izan ere, barkamenetik abiatzen ez bagara, sentitzen dugun gorrotoa zelanbait ere gure bizimodu bihurtuko da, eta gure seme-alabek hori arnastuko dute.

Izan ere, gure seme-alabek ez dituzte gogoan hartuko banantzea kontatzeko guk erabilitako hitz edo berbak, baizik eta “nondik” berba egiten diegun. Banantze adiskidetsua izan dadin saiatu behar dugu, eta aitortu edo onartu ondo atera zena eta partekatzen duguna, zerbait handiagoa dena eta betiko elkartu gaituena: seme-alabak, alegia.

Wayne Dyer psikologoaren adibide bat kontatzea gustatzen zait. Hitzaldi batean Dyer-ek laranja bat hartu, erdibitu eta jendeari galdetu zion ea zer atera zitekeen laranja hartatik. Jakina, jendeak erantzun zion laranja-zukua, ez mahats-zukurik, ez sagar-zukurik, … Izan ere, bizitzak egoera zailetan jartzen gaituenean, gugandik zuku hori baino ez da aterako, eta seme-alabek gure zukua edaten dute. Barruan daukaguna gure hautua da, eta banantzea, agertzen zaigun erronka oro bezala, zuku hori hobetzeko erabil dezakegu. Hori seme-alabekin partekatzea da utz diezaiekegun herentziarik onena.

-Eta zelan lagundu diezaiekegu gure seme-alabei banantze-prozesuan?

Banantzea seme-alabentzat, duten adina dutela, ez da erraza izaten, baina bikotean jarraitzeak, zentzurik ez duenean, ez die ezertan laguntzen. Banantze-kasuetan garrantzitsua da guk ez bihurtzea seme-alabak bitartekari, gure emozioen kontainerrak ez izatea. Emozionalki berba egiteko aukera eman behar zaie, amarekin edo aitarekin egon gura luketela esan ahal izatea. Baina gu manipulatzen ere ez diegu utzi behar, etxe bakoitzean dauden arauak eta mugak argi laga behar zaizkie; egokiena izango litzateke bikotekide ohiek antzeko hezkuntza-printzipioak izatea, baita ere kide guztiek batera partekatu ahal izatea seme-alaben bizitzan une garrantzitsuak: urtebetetzea, ikasturte amaierako jaia…. Hori lortzen saiatu behar dugu.

– Eta zelan dakigu barkatu dugun?

Bakea sentitzen dugunean, orduan ziur dakigu. Baina hori sentitzera iristeko, barkamenaren 4 faseak igaro behar ditugu. Hasieran, beste pertsona akusatu eta nire amorrua harengana zuzentzen dut; gero, neure erantzukizuna onartu eta biktima gisa bizitzeari uzten diot. Prozesu hori gertatzen den bitartean esker onarekin konektatu behar dugu, orain gai naizelako une hartan arbuiatzen nuena eskertzeko, eta bizitza den bezala maite dugunean esker onarekin konektatzen dugu eta geure burua gehiago errespetatzen dugu, une bakoitza izan behar duen bezalakoa delako eta izango delako. Ondorioz, nire bikotekide ohiarekiko tratuan dudan duintasun eta errespetuak, ezartzen dudan harreman berriak, bakean bizitzera eramango nau.

Duela gutxi harremana izan dut banandu den bikote batekin, eta hain ongi landu dutenez egoera, emakumeak esaten zidan ez zela batere identifikatuta sentitzen banantze edo bereizketa berbarekin, maitasun-berrantolatze baten gisa bizi zuela.

-Zelan saihestuko ditugu errepikapenak bikotekidea aukeratzean?

Ezin dut etorkizuneko harreman batean pentsatu aurreko beste baten gorpuak zapaltzen ari banaiz. Edo eboluzionatu edo errepikatu egingo dugu. Gertatu edo jazo zaidanaren errua besteari egozten diodan bitartean, ez dut ezer ikasi.

Nire ustez, banantzen garenean, batzuetan une egokia da profesionalen batekin harremanetan jartzeko edo libururen bat irakurtzeko. Hala ere, batzuetan, profesionala ez den baina esperientzia horretatik igaroa den pertsona batekin berba egiteak lagundu egin diezadake, erruan nagoen bitartean ezinezkoa baita aurrera egitea.

Oso ariketa ona izan daiteke gutun bat idaztea, folio-erdikoa edo 20 foliokoa izan daiteke, baina bertan amorrua ematen didan guztia, gehiago jasan ezin dudana, adierazi behar dut; eta amorru guztia atera dudanean, maila bat igotzen dut, ulermenarena, eta orduan has naiteke barkatzen. Gutun hori aurrekoaren eta ondorengoaren arteko muga da, maitasun-gidoia da, eta ezin badut barkatu, idazteari utzi behar diot. Pertsona batzuek 4 gutun egin behar izan dituzte lau une ezberdinetan. Geurea onartu behar dugu, besteekin konparatu gabe. Baina sendatu edo osatzea eta neure buruari beste kontakizun bat kontatzea erabaki behar dut. Jendeak askotan ezer egin barik ondo egon gura du, eta Miguel Angel Cornejok zioen legez, “jarduteko gaitasuna duenak egiteko erantzukizuna du”.

Anna Mascaró, pedagogoa, giza eboluzioaren psikologian aditua

Sakondu gura baduzu eta banantze-prozesuetarako gako gehiago ezagutu nahi badituzu, eman izena Anna Mascaróren hitzaldirako: Zelan banandu ondo”.

Hona hemen mediatekan dugun materiala banaketa prozesuan laguntza izateko.

BBK Family-n argitaratu ditugun banaketa prozesuari buruzobeste artikulu batzuk:

Menu

BBK Family Learning

×