Banantzea eta dibortzioa haurraren ikuspegitik

“Banantzeak eta dibortzioak min ematen didate. Askotan, ezin dizuet berbaz adierazi gertatzen zaidana, baina gauza naiz batzuetan nik neuk ere ulertzen ez dudan moduan jokatzeko.

Esate baterako, lehengo egun batean berriro pixa egin nuen ohean … aspaldi ez zitzaidan hori gertatzen. Ikastolan ere kosta egiten zait andereñoa ulertzea, tira, … kosta egiten zait geldirik egotea, deseroso sentitzen naiz, jarreraz mugitzen naiz eta ez dirudi inoiz topatzen dudanik gustura sentitzeko moduko posturarik.

Zurekin denbora gehiago egoteko beharra dut, eta horregatik lagunekin irtetera animatzen nauzunean ez dut gogo handirik izaten. Beste batzuetan, lanpetuta zaudela ikusten dudanean, zure arreta erakartzen saiatzen naiz, baina uste dut horrek haserretu egiten zaituela eta kosta egiten zait etxe bateko eta besteko arauetara egokitzea, … batzuetan plater baten bila hasi eta ez dut lortzen armairua topatzea ere.

Eztabaidan entzuten zaituztedanean, edo elkarri ez diozuela berba egiten sentitzen dudanean, zuen begiradak arraroak direnean, … laguntzen saiatzen naiz, baina batzuetan okerrago izaten da. Badakit negar egiten badut elkarri egozten diozuela errua; beraz, ez dakit oso ondo zelan egin …”.

Banantzen garenean beldurtu egiten gara

Gure seme-alabei gertatzen zaien hori guraso gisa irakurtzen badugu, banantzen garenean beldurtu egiten gara, eta ez da hori gure helburua. Soilik ikusarazi gura dugu aldaketa horrek baliabide asko martxan jartzea eskatzen duela beraientzat, egoera berrira egokitu ahal izateko. Denbora nahiko laburrean egokitu egingo dira, eta prozesu horretan laguntzen badiegu, indartuta aterako dira.

Ez banantzea ez da aukera gure bikote-harremana hautsita dagoela uste dugunean; aitzitik, prozesu hori ahalik eta ondoen igarotzen lagunduko duten baliabideak martxan jartzea da erronka. Lagundu egin behar dugu beldurra, amorrua, tristura edo errua bezalako emozioak onartuak izan daitezen, haien berben bidez, edo jolasen, edo txotxongiloen bidez … adieraziak izan daitezen,  zer gertatzen zaien ulertzen lagundu behar diegu.

Eta zer esan guri, helduoi, buruz? Interesgarria izango dela guraso gisa kokatzeko modu bat aurkitzea, gauzak hitzartu ahal izateko eta aitaren eta amaren eginkizuna elkartuta mantendu ahal izateko, nahiz eta ezkon edo bikote-harremanak ez jarraitu. Garrantzitsua da gertatu zaiguna digeritzen ikasteko leku bat bilatzea, nire seme-alaben aitarekin edo amarekin egindako bidea eskertzeko leku bat, non eroso egoteko moduko leku bat eraiki ahal izango dudan eta gatazka edo harreman txarra atzean utzita nire seme edo alabarentzat onena zer den pentsatzeko aukera izango dudan.

Familia-harremanen kalitatea gure seme-alaben osasun emozionalaren faktore garrantzitsuenetako bat da, eta bananduta egoteak ez dakar arriskurik gure harremanak eta desadostasunak zaintzen baditugu eta gure egoera emozionala eta intentsitatea ere zaintzen baditugu.

BBK Family-tik, Deustuko Unibertsitatearekin lankidetzan, banantze- edo dibortzio-prozesuetan zaudeten familiak animatzen zaituztegu EGOKITZEN doako programan parte hartzera. Parte hartzeko eta informazio gehiago sakatu irudian:

Egokitzen: Guraso bananduentzako prebentzio-programa

Menu

BBK Family Learning

×