Aste hau nire bizitzako leku ezberdinetan dagoen beldurraz hitz egiteko astea izan da, baita etxean ere, nire semearekin. Uste dut zerikusia duela Pepa Horno psikologoak duela egun batzuk bere BBKFAMILYrentzako hitzaldian egin zigun “oroigarriarekin”, “Tribuan hazi, sarean hazi” izeneko hitzaldian hain zuzen. (Ikusi ez baduzue, esteka honen bitartez egin ahal izango duzue, asko merezi du) TRIBUAN HAZI, SAREAN HAZI.
Beldurra emozio desatsegin bat da, eta gure burua edo mendekotasun afektiboa dugun pertsonak arriskuan ikustean sortzen da. Osasuna, segurtasuna, autoestimua, askatasuna, bizirauteko modua, lotura etab. egon daiteke arriskuan. Baliteke arrisku hori benetakoa izatea eta orainaldian bertan egotea. Edo iraganeko arrisku bat izatea. Edo baliteke oraindik ez egotea eta etorkizun batean egongo dela irudikatzea. Edonola ere, gorputzean beldurraren erreakzio berberak senti ditzakegu. Gure gorputza ihes egiteko edo geldirik geratzeko prestatzen da.
Haurrek ere beldurra izaten dute. Haurtzaroan, era batera edo bestera, beti dago beldurra hor… Adibidez, bizirauteko mendeko garen atxikimendu-irudiak galtzeko beldur estalia eta inkontzientea. Haurrak ez dira beldur horren oso kontziente izaten eta ez dute hitzekin adierazten, beste era batera baizik (adibidez, amesgaiztoekin, pertsonaia fantastikoekiko beldurrak, esaterako otsoak, sorginak, ogroak etab. euren sorkuntza artistikoetan, jolasetan, euren “marrazki bizidunak” ikusten, euren ipuinak irakurtzen… ) Nerabeen kasuan ere, beldurra familiaren egonkortasunarekin eta iraunkortasunarekin lotuta egon ohi da, berdinen arteko taldeak aintzat hartuko ote duten, euren egungo eta etorkizuneko denbora zertarako erabili ez jakiteagatik eta huts egiteagatik, euren nortasuna edo identitatea nola sortu ez jakiteagatik… Puntua eta unea harrapatuz gero, beldur hauei buruz hitz egin dezakete, “sakontasun” handiagoko edo txikiagoko hitzen bidez.
Orokorrean, haurrak eta nerabeak ingurune seguru batean badaude, beste emozio batzuk egongo dira harreman afektibo bateko beldur horren aurkako antidoto gisa balioko dutenak. Ikasteko jakingura, poztasuna eta gozamena, lasaitasuna, segurtasuna… Hala ere, bizitzako edo familia, gizarte eta osasun-mailako egoera batzuek neurriz kanpoko beldurra eragin diezaiokete eta ekiteko gaitasunik gabe utzi. Beraz, geldirik gera daitezke edo emozioetatik ihes egiteko espiral batean sartu, lo egiteko arazoak adieraziz, denbora luzez negar eginez, urdaileko arazoak izanez, kontzentrazio falta erakutsiz, apetitu gutxi, portaera disruptiboak edo inhibizioa agertuz…
Gaur egun, pandemia egoera batean gaude eta logikoa da gure seme-alaben beldurra areagotu egin dela pentsatzea. Haurren ongizatean adituak diren profesionalek ere hala diote. Gure inguruan dagoen ziurgabetasunagatik, euren edo lagunen familiako kideen heriotza bizi izan dutelako, ezegonkortasun ekonomikoa nagusi den egoerak entzun edo bizi dituztelako, euren egunerokotasuna eta harremanak ezartzeko moduak eten edo aldatu direlako…Hortik abiatuta, garrantzitsua da beldur hauek elaboratzen lagundu ahal izatea. Agian, itxuraz, ez dute ezer deigarria esan edo egingo, baina beldurra hor dago, Pepa Hornok dioen bezala.
Nire semea haurra izatetik nerabe izatera igarotzeko erdi-bidean dago, ia nerabea dela esan daiteke. Aste honetan zehar, bere beldurrez hitz egin dugu. Une ezberdinetan: parketik itzultzean, lagun batekin skatearekin ibiltzera joan baitzen, ohean lo hartu aurretik eta tailer baterako “amesgaizto harrapagailu” bat egiten ari nintzen bitartean.
Oraingoan ez dit baimenik eman gure elkarrizketaren xehetasunik emateko eta oso ondo iruditzen zait bere intimitatea zaindu nahi izatea. Soilik zera esan dezaket, bere beldurrak COVIDaren ondorioz maite duen jendea galtzeko aukerarekin, bere lan-ekonomia etorkizunarekin eta bere berdinen arteko taldeak aintzat hartzearekin lotuta zeuden.
Hezitzaile eta harremanen psikomotrizista gisa dudan esperientziatik, Lotura Emozional Kontzienteko prestakuntzatik, ahal duena egiten duen ama baten bizipenetatik eta Pepa Hornoren hausnarketak hurbil izanik, haurrekin beldurrak elaboratzen lagun dezaketen lau ideia gogora ekarri nahi nituzke.
Pixka bat helduagoak direnean (8 urtetik aurrera):
- Beldurraren emozioari buruz hitz egiteko aukera eman ahal izatea. Batzuetan, era naturalagoan gertatzen da edo puntu-puntuan iristen da eta beste batzuetan, gaia atera daiteke, beldurrari buruz hitz egitera behartu gabe, une horretan hala nahi ez badute. Nik ere, pertsona heldu gisa, beldurrak ditudala esateak lagundu egiten du.
- Zuzenean galdera ireki bat egin dezakegu: “Zerk ematen dizu beldurra?” Baina hotzean baliteke horrek ikaratzea. Ispiluaren lana egin dezakegu:
- “Pentsakor zaudela igartzen dut”/”Azkenaldian pentsakor zaudela igartzen dut zera egitean…”.
- “Zerbaitengatik arduratuta zaude? / Azkenaldian zerbaitek arduratzen al zaitu? / Beldurra ematen dizun zerbaitek? / Etxeko zerbait da? Eskolakoa? Pandemiarekin gertatzen denarekin lotutako zerbait? Zure lagun-taldearekin?”
- “Kontatu nahi al didazu? Entzungo zaitut”.
- Kontatzen ari denaren emozioa baliozkotu. (gure helduen mundutik begiratuta txorakeria bat iruditzen bazaigu ere, kontatzen diguten horrekiko ardura edo beldurra adierazi). “Ulertzen dut horrek arduratzea edo beldurra ematea” Horretarako, beharrezkoa da guk ere beldurraren emozioarekin konektatzea eta gero bertatik ateratzea, lasaitasun eta jakin-minetik galdetzen eta hitz egiten jarraitzeko balioko digun emozio bat aurkitzeko.
- “Jarri diezaiokezu neurri bat beldur edo ardura horri 1etik 10era? / Altua, ertaina ala baxua da?”
- Elkarrizketa gehiago ireki “Horri buruz zerbait gehiago kontatu nahi didazu? Zer gertatu beharko litzateke beldur edo ardura horren bolumena pixka bat jaisteko? Zer egin dezakezu zuk eta zer guk bolumen hori jaisteko?”Batzuetan, elkarrizketa ez doa askoz harago eta ez da tematu edo estutu behar. Baliteke egun batzuk geroago gaia berriz ateratzea.
- Eta gure seme-alabak hitz egitera gonbidatzeaz gain, garrantzitsua da:
pertsona helduok ere batzuetan beldurra izaten dugula entzutea. Eta adibidez, pandemiaren gauza batzuek guri ere beldurra ematen digutela. Eta nola egiten dugun beldur horiek hobeto eramateko. (irtenbide positiboak badira)
beldur hori hobeto jasateko, gure laguntza eta bere sare afektiboko gainontzeko pertsonen babesa izango dutela entzutea. Kontrolatu ezin diren faktoreak hobeto jasateko eta kontrolatu edo aldatu ditzakegun faktoreak azpimarratzeko.
bere ohiturak egiten, lagunekin aire librean elkartzen , parkera joaten eta kirol-jarduerak egiten jarraitzea, beharrezko neurriak errespetatuz.
Neska-mutiko txikiagoen kasuan, ezingo dugu era honetako elkarrizketarik izan. Bizitzako etapa horretan egozentrismoan, ahalguztiduntasunean eta pentsamendu magikoan bizi dira eta gure laguntza ere horren baitan txertatu beharko dugu. Era horretan, ohiturekin, etxetik kanpoko bizitzarekin eta gure afektibitatearekin jarraitzeaz gain, ipuinak edo mundu magikoko elementuak erabili ahal izango ditugu beldur horiek elaboratu ditzaten. Laster, BBKFAMILY programatik doako online ikastaro bat aterako da haurren gurasoentzat, non haurren beldurren eta amesgaiztoen gaia landuko den, eta beldurrei eta erabili beharreko estrategiei buruzko ipuin aukera zabal bat barne hartuko da.
Gainera, ez dugu ahaztu behar beldurra, askotan, haserrea, tristura edo erruarekin nahasten dela. Beraz, interesgarria da emozio-aukera guztiak lantzea. Guraso bezala dugun baliabiderik onena emozioak kudeatzeko dugun modua eta beraien emozioekin laguntzeko dugun gaitasuna da. Horretarako, batzuetan beharrezkoa da hezkuntza emozionalaren inguruan trebatzea, ez baitugu oso ondo ikasi. Bidegintza Coop.-en #Emozi-on programak ideia batzuk eskaintzen ditu emozioak etxean lantzeko, jolasaren bidez. (Bidegintza Coop.-en sare sozialetan, YouTubeko kanala, Instagram eta Facebook). Bestalde, zehazki pandemia, konfinamendu eta errealitate berriaren ondoriozko alderdi praktikoak eta emozionalak lantzeko ipuinak atera dira.
COVIDari eta konfinamenduetan zehar izandako emozioei buruz: (hurrengo konfinamenduetan edo lehenengoek utzi zituzten aztarna emozionalak elaboratzeko erabil daitezke)
Mi casa es un castillo (Nire etxea gaztelu bat da). Itziar Fernández eta Lorena Zamora. El Hilo Ediciones.
Mi heroína eres tú (Nire heroia zu zara). Erakundeen arteko Batzorde Iraunkorreko (IASC) Larrialdi humanitarioetako eta hondamendietako Osasun mentalari eta Laguntza psikosozialari buruzko Erreferentziazko Taldeak sortua. Esteka honetan deskarga daiteke.
“Clementina y el coronavirus”, “Clementina está confundida” eta “Clementina está enojada”, María José Camiruaga.
Haurrentzako ipuinak COVIDari buruz hitz egiteko, UNICEFen eskutik. Esteka honetan
Rosa contra el virus (Rosa birusaren aurka). Madrilgo Psikologia Elkargo Ofiziala Esteka
Las emociones de Lucas en época de coronavirus (Lucasen emozioak koronabirusaren garaian). Clara Muñoz Rey-Stolle (AEN duten neska-mutikoentzat)
COVIDari buruz edota “errealitate berriaren” eraikuntzako emozioei buruz:
- Cuentos para una nueva realidad (Errealitate berri baterako ipuinak). Begoña Ibarrola- Marisa Morea. Argitaletxea: Planeta
- Hasta que podamos abrazarnos (Besarkatzeko aukera izan arte). Eoin McLaughlin.Polly Dunbar Argitaletxea: Algar.
- Un virus llamado amor (Maitasuna izeneko birus bat). Ana María González Herrera Susana Rico Calleja. EL DODO LECTOR.
- Cosas que cambian y que a veces nos asustan (Aldatzen eta batzuetan beldurtzen gaituzten gauzak. Sonia Sanabria eta Robert Garcia. Carambuco Ediciones
- Con calma (Lasai). Rachel Williams eta Freya Hartas. Argitaletxea: Flamboyant
Etxean beldurrei buruz hitz egitea lagungarria izan da, nahiz eta nire seme aurrenerabeak ez adituarena egin gogorarazten diodanean. Amaitzeko, anekdota bat kontatu nahi dizuet (baimena eman dit). “Amesgaizto harrapagailua” prestatzen ari nintzen bitartean, honako elkarrizketa hau izan genuen:
“Zer zabiltza ama?”
“Amesgaizto harrapagailu bat egiten ari naiz.”
“Beti ari zara zure tailerretarako gauza arraroak egiten. Zer da amesgaizto harrapagailu bat?”
“Istorio baten arabera, duela urte asko, herri bateko neska-mutikoak Beldurrarekin bizi ziren. Egunez euren bizitzetan zehar ibiltzen zen, baina ez zitzaien axola, familiako kideekin, lagunekin eta irakasleekin gauzak egiten baitzituzten eta Poztasunez, Jakin-minez, Lasaitasunez eta Segurtasunez inguratuta baitzeuden. Baina, gauez, amesgaiztoak izaten zituzten eta Beldurrak ez zien ondo lo egiten uzten. Herriko neska-mutiko talde batek Mendi Magikora joan eta Sorgin Zaharrari aholkua eskatzea erabaki zuen. Sorginak esan zien, familia bakoitzak maitasun osoz “amesgaizto harrapagailu” bat egin eta haur bakoitzaren logelan jartzen bazuen, Beldurra bere sareetan katigatuta geratuko zela gauez eta ez zutela horrenbeste amesgaizto izango. Beraz, egun hartatik aurrera, familia guztiek, maitasun osoz, amesgaizto harrapagailu bat egin eta neska-mutikoen logelan jarri zuten. – Eta badakizu zer?- Amesgaiztoak desagertzen hasi zirela eta neska-mutikoek askoz hobeto egiten zutela lo…- Eta orain ni horrelako bat eraikitzen ari naiz tailerrean erakusteko. Nahi baduzu, jarriko dugu gero zure logelan…”
“Ama, ni handia naiz jada horretarako… eta jada ez dut amesgaiztorik izan duela hilabete askotik… Baina beno, zoriontsu egiten bazaitu, amaitzen duzunean utzi nire logelan Barçako koadrotik zintzilik…”
Bada hori, haur eta nerabe artean… bere beldur eta bestelako emozioekin… Ni ahoan irribarre batekin eta buruan galdera batekin: nola jarrai dezaket pandemia-egoera honetan emozionalki laguntzen beste gauza batzuekin oharkabetu gabe? Begoña Ruiz Ibáñez. Psikologoa, hezitzailea eta psikomotrizista.
Begoña Ruiz. Psikologoa, gizarte hezitzailea eta psikomotricista
Nahi baduzu, Begoña Ruizek emango duen “beldurrak eta amesgaiztoak lehen haurtzaroan” ikastaroan izena eman dezakezu.
Ikastaroaren edukiak:
1. Aurkezpena
2.Beldurra
3. Haurrak zeren beldur diren
4.Haurren mundu emozionala
5. Nola adierazten dira haurren beldurrak?
6. Egunez beldurrak bideratzea (i)
7. Egunez beldurrak bideratzea (II)
8.Segurtasuna ematea ohera joatean
9. Amesgaiztoekin esnatzen direnean
10.Gure emozioak, garrantzitsuena
Begoña Ruiz: psikologoa, gizarte-hezitzailea eta psikomotrizista. 20 urte daramatza familiak eta haurrak aldatzeko prozesuei laguntzen. Bidegintzan hezitzailea eta Psikomotrizitateko Nazioarteko Eskolako irakaslea da. Hezkuntzari eta hazkuntzari buruzko dibulgazio-guneetan parte hartzen du, eta lotura emozionalaren ereduan ari da prestatzen. Ikus.
Ez itxaron gehiago eta eman izena!
Ikastaroa urriaren 17an hasiko da eta zure erritmoan egin dezakezu.