Arimari atseden ematea

Verano desconexión

Gizakia bizirik irauteko eraikita dago. Larritasuna, beldurra, min fisikoa edo sufrimendu emozionala iristen direnean, gure izate osoa aktibatzen da bizirauteko modurik bizkorrena eta kalte txikienekoa aurkitzeko.  Batzuetan, une horretan bizkorrena eta min txikienekoa dena epe luzera kaltegarriagoa gertatzen da.  Baina hori ez dugu orduan jakiten.  Ez beti behintzat.

Hilabete hauetan guztietan, zortea izan dugunok bizirik iraun ahal izan dugu. Edo ez gara gaixotu, edo gaixotu eta osatu egin gara. Etxean geratu gara, dena igarotzeko zain, arriskua noiz amaituko zain.  Arduratsuak eta eskuzabalak izatea aukeratu dugu. Eta sufrimendu emozional oso handiarekin egin dugu aukera hori.  Batzuetan sufrimendu hori kontziente egin dugu, beste batzuetan ez.

Horregatik sentitzen gara orain hain arraro. Arriskua arintzen ari dela iruditzen zaigu, baina gure gorputzak, biziraupenean aktibatuta jarraitzen duenak, oraindik ez du lo sakonik egiten eta ez du arnasa lasai hartzen. Gure pentsamenduetako batzuk oraindik birusari, musuko edo maskarei, kalean dabilen jendeari edo eskuak garbitu beharrari buruzkoak dira. Eta pentsamendu obsesiboek kontrol-premia eta pentsamendu paranoidea sortzen dute, gertatu denaren errudun bat (edo batzuk) ezinbestean bilatu beharra. Eta gure emozioek gora eta behera jarraitzen dute. Gure seme-alabak kalera ateratzeko beldur dira, gu geu ere arraro sentitzen gara lau pareta horiek barik, oraindik ere erraz haserretzen gara edo bat-batean negar egiteko gogoa dugu eta ez dakigu zergatik. Birusa atzera egiten hasi dela diote, baina gure arimak ez du oraindik sinetsi.

Horregatik atseden hartu behar dugu. Airea, ura eta eguzkia behar ditugu. Eguzkia funtsezkoa baita barne-energiari eusteko, urak gure gorputz-konexioa errazten du, eta aireak eta mugimenduak gure emozioen, batez ere amorruaren, erregulazioari laguntzen diote. Naturak gorputza eta emozioak berriz konektatzeko aukera ematen dio gizakiari. Jakin ere badakigu zuhaitzak besarkatzeak osasuntsuago egoten laguntzen digula!

Lo egin behar dugu. Baina sakon lo egin. Insomnioa gutxitu dadila eta emozionalki hain kargatuta egon diren amets horiek atzera egin dezatela. Ez dira halabeharrez amesgaiztoak izan, baina hilabete hauetan jendeak askoz gehiago gogoratzen zuen amesten zuena. Amets egiteko askoz gehiago zuelako. Amets egiteak bizi duguna integratzeko aukera ematen digu, eta bizipen gehiegi genituen osatu ezin zen puzzle batean bezala jartzeko.

Gelditu egin behar dugu. Gizakiak bizirik iraun gura duenean, emozionalki deskonektatzeko joera du. Horri ‘disoziazioa’ deitzen diogu. Gure barne-prozesamenduaren zati baterako, gorputzeko eta emozionalerako, sarbidea mozten dugu, baliabide guztiak bizirik irautera zuzentzeko. Eta ez konektatzeko, onena lasterka egitea da. Horregatik egiten dugu batzuetan hainbeste korrika eta lasterka. Hala ere, konfinamenduak geldi geratzera behartu gintuen. Eta denbora ekintzaz eta jarduerez betetzen hasi zen jende asko, sentitzeko gelditzeak beldurra ematen ziolako, larritasuna sortzen ziolako. Etxean itxita ere “lasterka ibiltzeko” gai gara. Baina barne-oreka berreskuratzeko galgatu, gelditu eta birkonektatu egin behar dugu. Ez bagara gai meditatzeko edo erlaxatzeko, eta asko ez gara izango, orduan ibil gaitezen lasai-lasai, hartu kafe bat eserita zutik egin beharrean, eser gaitezen leku polit batean eta ikus dezagun denbora pasatzen.

Negar egin behar dugu. Denbora honetan uste baino askoz gehiago galdu dugu. Maite genituen pertsonak ez ezik, gure bizimoduari zegozkion gauza asko ere galdu ditugu. Beldur barik besarkatu ahal izatea galdu dugu, edo beldurrak polarizatutako milaka eztabaidatan jarrera hartu barik berba egin ahal izatea. Zauritu ezin ginen sentsazioa galdu dugu, kaltegarria eta faltsua zen baina izugarri gustatzen zitzaigun sentsazioa. Orain badakigu ahulak, babesgabeak eta oso-oso zaurgarriak garela. Horregatik kostatzen zaigu negar egitea, hori egitean larritasuna sentitzen dugulako. Eta tristura beldurrarekin batzen denean bakarrik bihurtzen da arazo. Saminez negar egiteak ere, larrimin barik eta baretasunez irteten utziz, gure arimak atseden hartzea eragiten du.

Tribua eraiki behar dugu. Zeren eta honetatik elkarrekin aterako gara edo ez gara aterako. Familia askok ezin izango dute ezer egin idatzi dudan honetaz guztiaz; izan ere, haien egoeraren larritasunak, geratu zaien egoerak, bizirik irauten jarraitzea eskatuko die, beste barik. Haientzat amesgaiztoa ez delako igaro. Eta birus honek garbi erakutsi digu denok bat garela. Ikasi beharko dugu familia horiek bizitzea lortzen ez badute, guk ere ezingo dugula. Baina hau beste artikulu baterako gaia litzateke.

Udazken oso gaitz edo zaila dugu zain. Beraz, arimaren atseden honetan kontzientzia jartzeko unea da.  Hau beharrezko uda da. Ez dezagun salto egin. Eta ez dezagun birusa pasa ez balitz bezala jokatu. Hori jazo eta gertatu da. Horregatik, atseden hartzen dugunean, pare bat aldiz itsasoan bainatu ostean edo egun batzuetan baso ederretan ibili ondoren, gure familiekin berriro barre egin eta gero, … orduan, arima atseden hartuta dugula, erabakiak hartzeko unea iritsiko da, datorrena bizitzeko modu pertsonal eta kontziente bat bilatzeko unea. Baina ez ditzagun erabakiak hartu atseden hartu aurretik, zeren eta nekaturik eta larrituta gaudela hartzen baditugu, oso litekeena baita azkenean erabaki okerrak izatea.

Izan dezazuela merezitako arima-atseden zoriontsua!

Pepa Horno. Psikologoa eta aholkularia haurtzaroan, afektibitatean eta babesan

BBK Family Learning

×