Amama hil egin da, zu ere hilko zara, ama?

Agian gogoan izango ditugu Ingalaterrako Isabel II.a erreginaren hiletako irudiak. Bertan, bere bi biloba txiki agertzen ziren agur-ekitaldira joanak. “Erakusketa publikoaren” alde eztabaidagarria kenduta, adibide gisa balio digu galdera hau egiteko: “Egokia al da hain ume txikiak hileta batera joatea? Zelan azaldu amona edo birramona ez dagoela eta ez dela itzuliko? Zer senti dezakete eta nola lagundu? Eta galdetzen badigute gu hilko ote garen?”.

Heriotza haurren bizitzan dago.

Heriotza ez da umeen bizitzatik “kanpoko” zerbait. Beraien ipuinen eta filmen parte da, zeinetan hil egiten diren pertsonaiak dauden. Askotan elkar hiltzea, norbera hiltzea edo “hiltzeko” moduko sustoak ematea egoten dira beraien jolasen artean. Eskolan animalia batzuk beste batzuk elikatzeko akabatzen direla ikasten dute, landare bat etxean ihartzean zelan hiltzen den ikusten dute, lagun baten aitaita hil dela jakiten dute… Eta, halako batean, maskota baten, urruneko senide baten edo beren amamaren heriotza bizitzen dute.

Kosta egiten zaigu heriotzaz berba egitea.

Heriotza bizitzako prozesu naturala da eta, hala izanik, larritu egiten gaitu eta larritu egiten gaitu helduen artean horretaz berba egiteak, eta are gehiago umeekin. Eta hurbilagotik “ukitzen” gaituenean eta nahiko modu mugatuan bakarrik heltzen diogu. Zergatik?

Galerei aurre egiteko zailtasun emozionala dagoelako gure kulturan, heriotzaz berba egitean geure heriotzaren larritasuna “aktibatzen” zaigulako edo mito batzuk mantentzen ditugulako.  Adibidez, “heriotzari ez zaiola deitu behar” berari buruz hitz eginez, txikerrenak traumatizatu egin ditzakegula, hobe dela dena sendatzen duen denbora igarotzea…

Hala eta guztiz ere, idealena heriotzaz zelanbaiteko naturaltasunez hitz egin ahal izatea litzateke, eta umeek heriotzaz galdetzeko aukera izatea, maite dugun norbait hil aurretik ere.  Dena den, aitona edo aitaita bat hiltzen denean, adibidez, zelan lagun diezaiekegu haurrei?

Kontuan izan behar da noiz, non eta nork hitz egingo dien gertatu den heriotzaz. Zenbat eta lehenago hobe. Leku lasai batean eta segurtasuna emango dien lekuan (ez jende askoren aurrean, baizik eta beraien gelan, adibidez). Eta beraiekin hurbileko eta afektuzko harremana duen norbaitek egin beharko luke. Aita edo ama galtzen dugunean, agian lur jota sentituko gara, baina interesgarria da gure seme-alabei dolua egiten laguntzeko denbora bat ematea. Edo gure bikotekidea edo oso gertuko norbait horretan inplikatu ahal izatea.

Sentitzen duten moduarekin enpatizatzea.

Heriotzak jakin-mina, jakingura pizten die haurrei. “Misterio” bat da, eta berarekin zer gertatzen den jakin nahi dute. Maite dugun norbait hiltzen denean ere, galderak egin diezazkigukete, “morbosoak” ere gerta dakizkigukeenak.

Jakin-minaz gain, beste emozio batzuk aktibatzen dira. Amama baten heriotzagatiko dolua, adibidez, igaro beharreko esperientzia emozionala da. Adinaren, tenperamentuaren, prozesuen, testuinguruaren… arabera,  tristura, amorrua, errua, beldurra, … senti dezakete. Haien beldurrak zerikusia du agian, aita, ama edo maite duten beste norbait, edota eurak, hil daitekeelako pertzepzioarekin. Adoptatutako umeen kasuan, aukera horrek are hauskorrago bihur ditzake. Aitaita bilobari etengabeko sostengu edo babesa eta zaintza ematen zion pertsona baldin bazen, larritasuna are handiagoa izan daiteke. Eta aurretik ondo landu gabeko doluak izan badira, berraktibatu egin daitezke eta egungo bizipen emozionalari “gehitu”.

Oro har, haurrek helduek baino azkarrago egiten dute dolua, horretan laguntzen badiegu.  Kontuan izan behar da, beharbada, ez direla gai izaten bizitzen ari diren ondoeza hitzez adierazteko eta beste seinale batzuekin egiten dutela. Adibidez, baliteke txikienek beren zaintzaileengandik aldendu gura ez izatea, jokabide erregresiboak izatea (adibidez, pixa egitea horri eusten hasita zeudenean), okerrago lo egitea, suminkor edo oldarkor agertzea, hildako pertsona itzul daitekeen “egiaztatzen” saiatzea (“amama etorri arte ez naiz ohera joango”). Zaharrenak, 9-10 urtetik aurrera, heriotzaz helduok dugun ideiatik hurbilago egoten dira , eta, gehien espero diren erreakzioez gain, larritasuna ager dezakete beren heriotzagatik, gaiari buruz berba egiteari uko egin diezaiokete, ikasketetan kontzentrazioa jaits daiteke… Oro har, dolua egiten laguntzen bazaie, hori pasatuz joaten da eta gainditu egiten dute. Ikusiko bagenu seinale horiek areagotu egiten direla, luzaroan irauten dutela, elikadura- edo lo-arazo larriagoekin somatizatzen dituztela, bakartu egiten direla edo izua dietela ohiko gauzei, … horrelakoetan kontsulta egitea eta laguntza eskatzea pentsatu beharko genuke.

Umeen alderdi emozionalari heldu behar zaio haiei laguntzeko. Beraiekin gaiaz hitz egitea ondo etorriko zaie. Oso garrantzitsua da hori egitea:

  • Zelanbaiteko lasaitasunetik (jakinda doluan ere egon gaitezkeela).
  • Berba edo hitz egitera gonbidatuz. Zelan sentitzen diren entzutea, zer kezka dituzten, zer jakin gura duten, zerk lagunduko liekeen hobeto sentitzen… geuk hitz egitea baino garrantzitsuagoa da.
  • Beraien emozioak baliozkotuz. “Ulertzen dut jakin-mina izatea / Triste edo haserre zaude… / Arraro sentitzen zara… / Ez dakizu ondo zer gertatzen den… / Niri ere gertatzen zait…”.
  • Zintzotasunetik eta onestasunetik. Ez zaie eman behar, adibidez, heriotzaren inguruko xehetasun beldurgarririk edo gorputzaren funtzionamenduari buruzko xehetasun oso teknikorik, baina bai lar babesteko helburuarekin gauza zalantzagarriak saihestu. Eta batzuetan ez dakizkigun gauzak galdetuko dizkigute. Eta erantzun beharko diegu: “Ba, ez dakit” eta afektu-erakusgarri batekin lagundu, konfiantza eta segurtasun afektiboa transmitituz edozein kasutan.
  • Denbora emanez. Ezin da “behartu” horri buruz hitz egitera edo azkar lantzera. Gu laguntzeko prest gaudela erakutsi behar diegu.

Batzuetan, “erreparoak” ditugu negar egiteko haien aurrean, baina, gainezka egin barik, gure tristura-emozioak adieraz ditzakegu, baita haserrea ere, eta esan “haren hutsune handia sentitzen dut”. Horrek ere lagunduko die emozioen kudeaketan.

Laguntzen duten mezu batzuk

Kontuan izan behar dugu mezuak haurren adinera, izaerara, egoera emozionalera, gaitasunera … egokitu behar ditugula. Edozelan ere, beti daude lagunduko dieten ideiak.

  • Unibertsaltasuna

Izaki bizidun guztiok, pertsonak barne, hil egiten gara. Hortik atera daitekeen galdera bat da:  “Eta zu ere hil egingo zara?” Ezin diegu gezurrik esan, baina segurtasuna eman behar diegu, ez daitezen larrituta egon edozein unetan hil gaitezkeelako. Aukera bat da atzeratze edo “geroratzea”. “Bai, ni ere hilko naiz, baina asko falta da oraindik nire gorputzak funtzionatzeari utzi arte”. Batzuetan, behin eta berriz galdegin dezakete zer gertatuko den “askoz lehenago hiltzen bagara edo gaixotzen bagara edo istripu bat izaten badugu eta hiltzen bagara”. Bada, honelako zerbait esan diezaiekegu: “Normalena da ni geroago hiltzea eta zu ordurako handia izatea. Eta lehenago hiltzen banaiz, zure aita (edo esan diezaiokegun beste pertsona bat) arduratuko da zu zaintzeaz”.

Ezin da berriro bizi behin hiltzen garenean. Horregatik, ez da komeni esatea amama bidaian joan dela edo lotan dagoela. Izan ere, beren adinaren arabera, denbora luzez egon daitezke bidaiatik noiz itzuliko ote den zain, edo gu bidaian joateko beldur izan, edo lotara joateko gogo barik (desager ez daitezen, aitaitari gertatu zaion bezala). Erabiltzen dugun hizkuntzaren gaia bereziki garrantzitsua da maila kognitiboan bestelako funtzionaltasuna duten haurren kasuan.  Kontuz ibili behar dugu, gauzak “hitzez hitz” har ditzakete eta.

  • Funtzionaltasunik eza.

Hiltzen garenean gertatzen dena da gure gorputzak funtzionatzeari uzten diola eta jada ezin dela “konpondu”. Galdetzen badute zer den zehazki amamaren gorputzean huts egin duena, zerbait konta diezaiekegu, baina azalpen zientifikoegiak ematen saiatu barik. Eta umearen adinaren eta jakinguraren araberakoa izango da gure azalpena.

Eta zergatik hiltzen gara? Izaki bizidun guztiok bizi-ziklo bat dugulako eta amaitu egiten delako.  Eskolan ikusi dituzten bizi-zikloei buruzko azalpenen batera jo dezakegu, edo landareena edo naturako beste animalia batzuena azaldu.

Dimentsio hau gure sinesmenen araberakoa da: nora joaten den gure arima, energia, … Pixka bat zailagoa da haurrekin lantzea, eta beti ziurtatu behar dugu aurreko ideiak argi geratu zaizkiela eta ondo ulertu dituztela.

Interesgarria izan daiteke aitaitak bizitzarako eta oroitzapenerako utzi dizkigun gauzak, ikaskuntzak, bizipen positiboak, afektuak… aztertzea. Zelanbait, horrek beti lagunduko digu eta horren bidez hil dena hurbil sentituko dugu.

Laguntzen duten erritualak eta tresnak

Norbaiti agur esateko erritualak egiteak elaborazio emozionalean laguntzen du. Horregatik, batzuetan, umeek, gura badute eta ingurunea gutxi gorabehera “sostengatuta” baldin badago, hiletetan edo agur-elizkizunetan parte har dezakete jende gehiagorekin.

Etxean beste erritual sinboliko intimoagoak ere egin daitezke, zelanbaiteko zati sortzaile bat dutenak. Adibidez, amamarentzat marrazki bat egitea, gutun bat idaztea, oroitzapenen kutxa bat sortzea, kandela bat piztea, eskerrak ematea eta agur esatea, agurreko bideo bat grabatzea, egunkari batean zelan sentitzen zaren idaztea…

Eskolari edo haurrak parte hartzen duen beste leku batzuei dolua jasaten ari dela jakinaraztea ona da kontuan izan dezaten, prozesu emozionalean lagun dezaten eta haurrak kontatu behar izateko “presiorik” senti ez dezan. Eskola batzuetan, doluak landu egiten dira eta laguntza handia da.

Ipuinak, filmak eta kontakizunak erabil ditzakegu emozioak lantzen laguntzeko. Horretarako, garrantzitsua da haiekin batera egotea ikusten dituzten bitartean, eta haien iruzkinak entzunez laguntzea, itaun edo galderaren bat eginez, beraien edo gure bizipenekin zerikusia duten adibideak jarriz… Hona hemen batzuk:

Ipuinak

  • “Dónde está el abuelo”. Mar Cortina eta Amparo Peguero. Escola de Vida arg.
  • “El lenguaje de los árboles”. Pepa Horno Goicoechea. Fineo arg.
  • “El jardín de mi abuelo”. Egileak: Pierola, M. eta Gil Vila, M.A. Bellatierra arg.
  • “Mejillas rojas”. Egilea: Janisch, H. Lóguez arg. (Nerabezaroa)
  • “Un pellizco en la barriga”. Alma Serra eta Marta López Palomo. Babidibú arg.
  • “¿Por qué no vivimos para siempre?”. Katie Daynes. Usborne arg.
  • “Un refugio para la tristeza”. David Litchfield, Anne Booth. Andana arg.
  • “La abuela de arriba y la abuela de abajo”. De Paola, T. SM arg.
  • “Gajos de Naranja”. Portier, N. eta Legendre, F. Tandem arg.
  • “Vacío.” Anna Llenas. Bárbara Fiore arg.

Filmak

  • “Bambi” (Marrazki bizidunak, haurrentzat)
  • “Lehoi erregea” (Marrazki bizidunak, haurrentzat)
  • “Haran sorginduaren bila” (Marrazki bizidunak, haurrentzat)
  • “Nemoren bila” (Marrazki bizidunak, haurrentzat)
  • “Mi chica” (Nerabezaroaurrea)
  • “Ponette” (Nerabezaroa)
  • “Up” (Nerabezaroa)

 

Aurretik esandako guztia kontuan hartuta, honelako mezuak SAIHESTEN saia gaitezke:  “Jada ez du gehiago sufrituko”, “Hain ona zenez, zerura eraman dute”, “Ez da negar egin behar, adoretsuak izan behar dugu orain”, “Hobe dugu gaiaz berbarik ez egitea, triste jartzen gara eta”, “Ez egin negarrik, bestela zure ahizpa (arreba) txikia ikaratu egingo da eta”, “Zure amonak egiten duzun guztia ikusiko du zerutik”, “Ni ez naiz inoiz hilko”… Aipatutako printzipioekin bat datozen formulak bilatu beharko ditugu.

Liburu eta gida batzuetan gehiago sakondu eta adibide alternatiboak aurki ditzakegu. Horietan, beste jarraibide batzuk agertzen dira, adinaren, aniztasunaren, funtzionaltasunaren… araberako ideiak, eta egoera zehatzagoetan arazoei aurre egiteko ideiak.

“Eta aitaita eta amamaren argazki bat aurkitu zuten paper artean galduta…  eta amamak egiten zien janari goxoa ekarri zuten gogora, aitaitarekin kartetan egindako saioak eta haiek eurak muga barik maite zituzten sentsazioa… beren artean ere elkar muga barik maite duten bezala”.

Bego Ruiz, psikologoa

BBK Familyn egiten ditugun ikasketak, tailerrak, hitzaldien berri izan gura duzu?   Harpidetu gure newsletterrera!

Eta jarrai gaitzazu Telegram-en. Sakatu link honetan edo QR kodea eskaneatu. 

Código QR

Menu

BBK Family Learning

×