Alaitasuna aukeratzea

Bizitzan arau batek ia hutsik egin barik funtzionatzen du. Honela dio: “Zenbat eta gehiago, orduan eta gehiago; zenbat eta gutxiago, orduan eta gutxiago”. Zenbat eta gehiago dugun zerbaitetatik, orduan eta errazagoa gehiago izatea; zenbat eta gutxiago dugun, orduan eta gaitzagoa. Honek alderdi fisikoan (neke, gose edo loari dagokionean) funtzionatzen du, baita kanpokoan (diru edo harremanetan) eta barneko bizipen emozionaletan (beldur, amorru edo akiduran) ere. Horregatik da beharrezkoa kontzientzia jartzea gure bizitzan lantzen dugun horretan, aukeratzen dugun horretan. Izan ere, horretatik gero eta gehiago izango dugu, eta zerbaiti uko egiten badiogu, hori gero eta urrunago geratuko da eta nekezago lortuko dugu.

Seme-alaba bat hazi eta hezteak beldurrez bizitzea esan gura du. Zerbait gertatuko ote zaion, eroriko ote den, gaixotuko ote den beldurrez. Min egingo ote dioten beldurrez. Gure erabakietan huts egin eta geuk min egiteko beldurrez. Beldurra hazkuntzaren parte da. Baina ez guraso legez dugun barne-esperientzia emozionalarena bakarrik, munduarena ere bai, oro har. Beldurra eten barik elikatzen duen gizarte batean bizi gara. Gauzak txarto daudela eta guztia gaizki dabilela esanez jarduten dugu egun osoan. Hedabideek munduaren alde mingarriena eta ankerrena jasotzen dute, ukaezina den errealitatea. Baina erreferente positiboak kanpoan lagatzean (eta honelakoak ere izan badira, baina ez dira albiste), munduaz ematen duten ikuspegia leku mehatxagarri eta suntsitzailearena da. Eta munduaren ikuspegi horrek, geure burua babestu beharreko leku gisa ikusteak, paralisia eta ezintasuna sortzen ditu.

Beldurrak pertsonak geldiarazi, paralizatu egiten ditu, eta haurrak eta nerabeak ez dira salbuespen. Askotan, gaindituta sentitzen dira lehiakortasunak eta gizakiaren ikuspegi negatibo horrek sortutako eskakizunagatik; baita erabiltzen duten eta askotan asimilatu ezinezkoa gertatzen zaien informazio-kopuruagatik eta garrantzizko erreferente positiboak izateko ezintasunagatik ere. Aldaketa-erreferenteak (pertsonak, erakundeak edo programak) sortzen direnean kritikatu, auzitan jarri edo iraindu egiten dira. Berehala zalantzan jartzen da horien zilegitasuna. Arriskutsuak direlako, kontzientzia sor dezaketelako. Eta kontzientziak pertsona aske izateko eta aukeratzeko gai egiten du.

 

Haurrak eta nerabeak jagon edo zaindu, babestu eta hezteko ardura dugun pertsona heldu legez, ohartu behar dugu zein diren beraien bizitzan “osagai” ugarienak izatea gura ditugunak (“zenbat eta gehiago, orduan eta gehiago” arauarenak), horiek lantzeko, hain zuzen ere. Eta aukera bat egin behar dugu argi eta garbi: Zer egingo dugu gure beldurrarekin? Ukatuz, disimulatuz edo ingurunea edo euren portaera eten barik kontrolatuz maneia dezakegu. Edo beraien emozio-indarra landuz garaitu dezakegu. Eta indar horrek beldurrari, tristurari edo oinazeari, iristen zaienean, aurre egiteko aukera emango die. Izan ere, guk biziki gura izan arren, ez dago burbuilarik saminetik edo beldurretik babestuko dituenik. Lehenago edo geroago iritsiko zaie eta aurre egiteko tresnak izan behar dituzte.

Barne-indar emozionala eraikitzeko funtsezko bi elementu behar dira: haurraren edo nerabearen barne-konexioa bere gorputz-sentsazioekin eta emozioekin, arriskua iristen denean detektatzeko aukera emango diolarik horrek; eta sare afektibo sendoa izatea, konfiantza izateko eta laguntza eskatzeko, behar duenean. Haurrek eta nerabeek ezin dute, beren kasa bakarrik, beren burua babestu. Beren burua babesteko laguntza eskatzen ikasi behar dute, eta laguntza eskatu ahal izateko konfiantzazko jendea behar dute.

Zelan sortzen dira bi elementu horiek? Barne-konexioa gizakiaren alde argitsua ?poza, alaitasuna? landuz sortzen da. Ez gara ari pozaz egoera iraunkor gisa ulertuta, ezta zoriontasun inozoaz ere, ez dugu esaten haur eta nerabeek sufritu edo txarto pasa behar ez dutenik, edo beti zoriontsu eta axolagabe egon behar dutenik. Lehenik, ezinezkoa delako. Eta bigarrenik, lortzen badugu, paradoxikoki ahulago bihurtuko ditugulako, minari aurre egiteko estrategia barik utziko ditugulako.

Poza, alaitasuna aukeratzeaz ari gara, eguneroko bizipen txiki eta sistematiko bihurtuz. Hori kontzientziaz, ohartuki, egiteaz eta ahal dugun egun guztietan. Egun batzuetan hobeto aterako zaigu eta beste batzuetan ez dugu lortuko, geure nekeak edo tristurak eragotzi egingo digu-eta. Baina ez gara gauza handiez ari, baizik eta txikietan kontzientzia jartzeaz, hain zuzen ere. Adibidez:

  • -Gure seme-alabekin edozein gairi buruz berba egiten dugunean, erdi betetako ontzia ikusarazi eta aukeratzea, erdi hutsa bezain erreala baita.
  • -Umorearen zentzu edo sena eta barrea lantzea. Egun bat igaro eta ez baditugu seme-alabak barre egiten entzun, ona da lo egin aurretik kili-kili egitea. Umeek barre egin behar dute egunero, osasuntsu hazi ahal izateko.
  • -Musika, dantza eta mugimendua lantzea (ez kirola bakarrik, baina kirola ere bai). Musikak eta mugimenduak gorputzarekiko eta emozioekiko konexioa, lotura sortzen dute.
  • -Eta samina iristen denean, ez ukatu eta ez minimizatu. Poza erresilientziaren motorra da, indartsu bihurtzen ditu saminaren aurrean. Erortzen badira, kaltea aitortu eta adierazten eta, behar badute, hortik ateratzeko laguntza eskatzen irakatsi behar diegu. Gaixotasuna edo heriotza iristen bada, ez laga kanpoan, besteen dolua partekatu ahal izan dezatela eurena integratu ahal izateko.
  •  

Eta zelan sortzen da konfiantza izateko sare afektibo sendoa? Adibidez:

 

 

  • -Izatearen denborak egitearenak baino gehiago sustatuz. Norberaren buruarekin lotu edo konektatzeko denborak, aspertzekoak barne, eta besteekin konektatzeko denborak. Telebista itzali edo amatuta afaltzeaz ari gara; asteburuetan mendira elkarrekin ateratzeaz ari gara, mugikorra eraman barik, ez guk, ez haiek; sofan manta hartu eta krispetak janez film bat ikusteaz ari gara.
  • -Gurasoez gain, beste pertsona batzuekiko lotura afektiboak sustatuz. Lagunen etxean lo egitea, aitona-amonen eta osaba-izeben etxera joatea, gure etxea leku irekia eta harrerakoa izatea. Munduarekiko eta ingurukoekiko dugun irekitasunezko jarrera emozionaletik konfiantza izaten ikas dezatela.
  • -Jagon edo zaintzen, ekarpenak egiten eta besteen beharrizan edo premiekin emozionalki konektatzen irakatsiz. Transzendentziak sarea sortzera garamatza. Beharrean daudenak eta eskatzen digutenak jagon edo zaintzeak indartsuago eta kontzienteago bihurtzen gaitu geure hauskortasun eta ahultasunaz. Eta, jakina, egin duten kalteaz erantzuten eta horren konponketaren ardura hartzen irakatsi behar diegu.

Eta azken gako bat, ez azkena delako garrantzi gutxiagokoa. Ez da bakarrik landu gura dugun horretan kontzientzia jartzea, baita hori egiteko moduan ere. Baina gure historia afektiboak, gure gorputzaren oroimenak eta gure beldurrek baldintzatzen dute zelan hezten dugun. Horregatik, hauek dira hazkuntza eta hezkuntzarako tresna nagusiak: gure burua artatu edo zaintzea, gure bizitzaren historia integratzea eta gure hazkunde pertsonala. Zeren eta geure barrura begiratzeak kanporako begirada aldatzen baitu, gure seme-alabengandik hasita.

Aukeratzea dagokigu: edo emozio-indarra eta maitasunezko presentzia lantzeko poza, alaitasuna aukeratzea, konfiantza izateko sare afektibo sendoa sortze aldera; edo beraien ingurunearen, jokabidearen eta jardueren kontrola aukeratzea, eta beldurra sartzea mendekotasuna, ezintasuna edo haserrea sorrarazteko.

Pepa Horno. Psikologoa eta aholkularia haurtzaroan, afektibitatea eta babesa.

‘BBK Family’ proiektu berria jarri du abian BBK-k, EDE Fundazioaren eta Bidegintza GEKaren laguntzarekin, seme-alabak hazi eta hezteko behar duten guztia eskaintzeko familiei, eta Bizkaian oinarrizko prebentzioaren arloan erreferentzia-zentro izateko. Psikologian, pedagogian eta hezkuntzan adituak diren profesional-talde batek osatzen du BBK Family, eta aholkularitza pertsonalizatua du zure zalantzak eta kezkak gure profesional-taldeari kontsultatu ahal izateko. BBK Family-k baliabide-gida bat ere izango du laster, behar duzunean profesionalak aukeratzen laguntzeko.

 

Menu

BBK Family Learning

×