Perfekzionismorako joera duten haurrei laguntzea

Batzuetan helduok horrelako esaldiekin egiten diegu errieta haurrei gure eguneroko bizitzan: Jaso zure gela!, Garbitu hortzak!, Gehiago ikasi behar duzu!… Eta egingo balute, baina erabat modu gehiegizkoan?

Inoiz ikusi al duzu zure semea edo alaba ezabatu eta berriro hasten, ezabatu eta berriro hasten, egin beharrekoaz gozatu barik, beraren adin eta mailarako ondo zegoen zerbait?

Bazenekien perfekzionismoa ez dela helduaroan bakarrik gertatzen? Haurtzaroan uste duguna baino arruntagoa da, eta mutur-muturrean oso kaltegarria izan daiteke.

Erdi-mailako perfekzionismoa nortasunaren ezaugarri bat da, hobetu gura izaten laguntzen du, motibazioa eta autoestimua areagotzen ditu eta lorpenak eta porrotak modu egokian bizitzen laguntzen du.

Haurtzaroan, haurren perfekzionismorako joera sustatzen duten zenbait egoera gerta daitezke.  Pertsona helduok egin ditzakegun eta, gura barik, ezaugarri hori areagotzen duten gauza batzuk honako hauek dira:

  • Gauzak ondo egiten dituztenean bakarrik gorestea, ahalegina edo prozesua bultzatu barik.
  • Gauzak txarto egin edo akatsak egiten dituztenean zigortzea.
  • Larregizko garrantzia ematea eta familia-elkarrizketak alderdi akademikoan eta eskolakoan ardaztu edo zentratzea.

Bestalde, sare sozialek ere ez dute laguntzen, azkenean barneratu egiten baitira errealitatearen sinonimo gisa ikusten diren irudiak, gehien-gehienak iragazkiz beteta dauden eta oso informazio partziala ematen duten arren.

Zein dira haur perfekzionisten ezaugarriak?

Hona hemen horietako batzuk:

  • Lana muga barik hobetzeko joera izatea, lana amaitutzat emateko erabakia hartu ezinik.
  • Arrakasta eta porrota mutur-muturreraino bizitzea.
  • ‘Dena edo deus ez’ erako pentsamendua izatea.
  • Dena kontrolpean eduki nahi izatea.
  • Beren gauzak antolatzea, batzuetan larregizko moduan ere bai.
  • Bere akatsak gehiegi estimatzea eta bere lorpenak gutxiestea.
  • Lan edo zereginak egin beharragatik estutzea edo estresa sentitzea.
  • Besteen iritziaren oso mendekoak izatea.
  • Haiei eta haien zereginei buruz egiten den balorazioaren oso mende egotea.
  • Autoestimu txikia izatea.

Muturrera eramanda eta helduaroan laguntza egokirik barik, elikadura-nahasmenduak, nahasmendu emozionalak, frustrazioa, antsietatea eta estresa ager daitezke, besteak beste.

Horregatik, haur eta nerabe perfekzionistei etxetik zein eskolatik laguntzen jakitea funtsezkoa da. Hona hemen zelan egin behar den jakiteko ideia batzuk:

  1. Ahalegina aintzat hartzea, eta ez emaitza: Umeek ulertu behar dute faktore batzuk ezin ditugula kontrolatu eta ihes egiten digutela. Beraz, ahalegina aintzat hartzeak esan gura du ondo egiteko gogoa eta horretan jartzen dugun ahalegina baloratzea, ez emaitza positiboa edo negatiboa. Horrela, umeak janaria prestatzen laguntzen badigu, prozesuaren zati txikietan jarriko dugu arreta: elkarrekin zein ondo pasatzen ari garen, zenbat ikasten ari garen… nahiz eta tortilla erre.
  2. Helburuak bai, baina errealistak: Helburua xede txikiagoetan eta errealistagoetan deskonposatzeak epe laburrekoan arreta jartzen lagunduko die haurrei. Horrek erraztu egiten du planak gauzatzea, helburuak lortzeko presiorik sentitu barik. Ume batek handia denean medikua izan gura badu, baina biologian ‘gutxiegi’ atera badu eta inoiz ez dela osagile izatera iritsiko esaten badu, eskema bakoitzak, ikaste-ordu bakoitzak eta klasean jasotako apunte bakoitzak duen garrantzia aitortu diezaiokegu, horrek hurbilduko baitu gehien bere azken helburura.
  3. Bere lekua eman frustrazioari: Ikasteko aukerak dira akatsak. Akatsak eta akats horiek sortzen dituzten porrotak eta etsipen-, haserre- edo larritasun-sentimenduak kudeatzen ikasi behar dute haurrek, eta lekua utzi behar diegu emozio horiek ere senti ditzaten. Heldu gisa, zaila da ikustea txarto sentitzen direla, frustratuta daudela edo triste daudela gertatu den zerbaitengatik. Emozio eta sentsazio horiek sentitzeko leku nahikoa uztea, gu haien ondoan lagun egiten gauden bitartean, egoera desatsegin edo konplikatuak hobeto kudeatzen ikasteko lagungarri izan daiteke.
  4. Umorea, ez dadila falta:Sarritan haurrek ez dituzte beren porrotak kontatzen, beldur direlako helduak zelan hartuko duen. Lehen esan dugunez, emozio-mota guztiak esperimentatzeko aukera emateak etorkizunean hobeto kudeatzen laguntzen die, baina umorea oso tresna indartsua eta irismen handikoa da. Haurrek ikusten badute gu batere atsegina ez den pasadizo bat kontatzeko eta barre egiteko gai garela, porrot batzuk banalizatzen eta umorez ikusten ikasiko dute.
  5. Zu, haren eredu: Umeek, hein handi batean, imitazioz eta inguratzen dituen mundua ikertuz ikasten dute. Erreferentziazko helduak garen aldetik, gure huts-egite, akats eta porrotak kudeatzeko moduaren arabera, barneratuko dituzte eurek jokabide batzuk. Errore baten aurrean, akatsa zerbait negatiboa ez izateko moduan egoera aztertzea, dramarik egin barik doi-doi behar duen garrantzia ematea, ditugun alternatibak aipatzea, konponbidean zentratzea eta akats horretatik zer ikasi dugun ikustea lagungarri izango zaie zera barneratzeko: perfekzioa askotan ezin iritsizkoa dela, baina akatsak eta huts-egiteak, ordea, saihestezinak direla.
  6. Ipuin eta istorioak: Porrotari eta norberaren gainditzeari buruzko istorio errealistak edo fikziozkoak kontatzeak perfekzioaren arrazoibide egokitzaileago eta modulagarriagora hurbiltzen ditu. Gurasoen istorio pertsonalak beti dira erakargarriak txikerrenentzat, eta horiekin transmititu eta irakatsi ahal badugu, “denok irabaziko” (Win-Win) dugu.

Leire Lapina Andonegi. Auzitegi-psikologoa da, ikasteko zailtasunetan espezializatua ‘Centro Psicología Bilbaon.

Onlineko aholkulotitza zerbitzuaren berri izan duzu? Sartu eta partekatu zure kezkak.

Gai honekin harremana duen BBK Family materiala mediatekan:

Gaur ez zara jolastuko

BBK Family mediatekan material gehiago topa ditzakezu.

Harpidetu BBK Family newsletter.

BBK Family Telegram Kanalean egon zaitezke. Sakatu  link honetan edo QR kodea eskaneatu. 

Código QR

Menu

BBK Family Learning

×