Haurrek oinarrizko bi beharrizan oso aktibo dituzte: maitatuak sentitzea eta seguru sentitzea. Beharrizan horiek asetzen badira, hazteko, ikasteko eta “mundua irensteko” gai sentitzen dira. Gurasook beharrizan horiek asebetetzen lagun dezakegu egunero. Horien kontzientzia hartu, malgutasun emozionalarekin bizi eta horiek asebetetzeko zenbait jarrera hartu eta ekintza burutu besterik ez dugu egin behar.
Gure maitasuna egunerokoan zelan erakuts dezakegun hausnartzera gonbidatu gura zaituztegu. Gainera, maitasun eta segurtasun hori modu berezian sinbolizatzen duten jolas, xehetasun edo sorpresa batzuk zelan erabil ditzakegun ere azalduko dugu.
1-BALDINTZA BAKO MAITASUN-MEZUAK
Gure seme-alabek sentitu behar dute baldintza barik maite ditugula izate hutsagatik, gure seme-alabak direlako, elkartzen gaituen loturagatik. Agian, haien jokabide batzuk ez ditugu gogoko edo ez dira egokiak, eta berrikusten lagundu beharko diegu. Hala ere, hori gorabehera eta horren gainetik, maite ditugula eta onartzen ditugula sentitu behar dute.
Gure seme-alabak ez dira gure jabetza, ez dira gure mini “ni”ak, eta ezin ditugu gure nahierara eta antzera moldatu euren nortasuna kontuan hartu barik. Beren ideiak, interesak eta proiektuak izan ditzaketela sentitu behar dute, begirunearen eta nork bere burua zaintzearen balioen barruan. Horrela, maitasuna eta irmotasuna uztartuko dituen diziplina-eredu baten barruan eta ingurune seguru bat sortuz, munduan dagokien lekua eta beren izaera aurkitu ahal izango dituzte.
Baldintza bako maitasun hori adierazteko “ezusteko detaile” batEZKUTUAN MAITASUN-MEZUAK LAGATZEA izan daiteke, gutxien espero dutenean topatzeko (kutxatilan, burkoaren azpian, bere ipuin kuttunenean, kontsolaren agintean, …). Honelako esaldiak jar ditzakegu: ZAREN LEGETXE MAITE ZAITUT, MUGA BARIK MAITE ZAITUT, BETI MAITATUKO ZAITUT. Txikerrak badira eta oraindik ezin badute irakurri, mezua sinbolizatzen duen zerbait marraztu dezakegu: bihotzak, eguzkiak, izarrak, txorimaloak,…
2-ALTXOR KUTXAK
Gure indarguneak, gauza positiboak, ahaleginak, lorpenak, … ikusteak hazteko eta erronkei aurre egiteko motibazioa sortzen digu. Horregatik, garrantzitsua da umeek horrelako mezuak entzutea. Bai haien inguruneak jaurtitako mezuak, bai haien baitatik ere. Kontua ez da menpekotasuna sortzen duten “laudorio” edo goraipamen hutsalak egitea, kontua ez da dena ederto egiten dutela esatea, baizik eta beren buruaz hausnartzen laguntzea zentzu horretan.
Horretan lagun dezakeen “jolas” bat ALTXOR KUTXA BAT SORTZEA da. Kartoizko kutxa batean ispilu bat sartu eta estalkiarekin itxi behar da (apaindu eta “Altxor Kutxa” izena jartzen badiogu, primeran). Gure seme edo alabatxoa kutxa irekitzera gonbidatuko dugu, estalkia kentzen duenean barruan altxor ezkutu bat topatuko duela esanez. Gero, bera altxor bihurtzen duten zer gauza dituen/egiten dituen pentsatzen lagundu behar diogu. Horretaz geuk ere ideia batzuk eman ditzakegu. Eta gaia ateratzen bada, posible da aldatu gura lituzkeen gauzei buruz ere berba egitea … Esaten badigu, adibidez, hobeto dantzatzea gustatuko litzaiokeela, hobeto dantzatu zuen aldi hartaz galdetuz lagunduko diogu: zer gertatu zen, zelan lortu zuen hura egitea, zerk lagundu zion, bere ustez zer izango litzatekeen hobeto dantzatzea, zer izan ote zen desberdina hartara iristeko, … Beste batzuetarako kontuan izaten eta aukerak ikusten lagunduko dio horrek.
3-ENTZUTE-ALDIAK
Batzuetan, gure seme edo alabak eten barik hasten dira berbetan, eta ez dugu entzuteko ere astirik izaten. Beste batzuetan, gure itaunketei erantzutea gura izaten dugu, eta haiek horretarako gogo gutxi.
Entzuteko PREST ETA LIBRE egon behar dugu. Adibidez, eskolan zerbait jazo bada kezkatzen edo arduratzen dituena, hau egin genezake:
–Elkarrizketa hasten eta mantentzen lagundu, beraien emozioak bideratzea erraztuz. Horretarako, interesgarria da “zernahitarako” esaldi batzuk erabiltzea: “Bai zera! Zer diozu! Hara! Ene, ba! Zer gehiago? Eta zer jazo zen hasieran? Eta zer gertatu zen gero? Eta haserretu egin zinela diozu? Eta barrez lehertu beharrean hasi zinela diozu?”Egoerak epaitu edo gure, “helduon”, irtenbideak eman barik lehen une honetan.
–Bigarren momentu batean (15 minutu edo 4 ordu geroago izan daiteke, lasaiago daudenean edo berba egiteko eta entzuteko prestago daudenean), kezkatzen dituen edo gogoa pizten dien horri buruz hausnartzen lagundu diezaiekegu, haien emozioak baliozkotzen saiatuz, beren gaitasunez jabetzea erraztuz edo, beharrezkoa bada, beste aukera edo irtenbideren bat bilatuz. “Aizu, gaur goizean kontatu didazunaz, zer estualdia pasako zenuen, ezta?Hala ere, ondo erantzun zenion irakasleari. Zelan lortu zenuen?Zer egin dezakezu hurrengoan lasaiago egoteko?”
Errutina txiki bat:ENTZUTE-ALDIAK. Ez dago beti gure esku erabakitzea seme-alabek noiz izango duten berba egiteko gogoa. “Gogoa nabaritzen” zaien aldi horiek aprobetxa ditzakegu, eta orduan entzuten jarri arreta guztia, beste gauza batzuk utzita. Halaber, txikerragoak direnetik, entzuteko une bereziak sor ditzakegu etxean. Adibidez, askaldu ondoren, lotara aurretik, … mugikorrak, pantailak eta distrakzioak alboratu eta haien parean eseriko gara, samurki begiratu eta entzuteko garaian gaudela adieraziko diegu. Agian, hasieran, ez dute jakingo zer esan edo protesta egingo dute, baina 2 minutu igaro ostean, zerbait kontatuko digute eta elkarrizketa hasteko aukera izango dugu …(besterik ez bada ere asperduragatik).
Bideo honetan, Elsa Punsetek gure seme-alabei egiteko moduko itaun batzuk proposatzen ditu, eta agian aldi horietan edo beste batzuetan erabili ahal izango ditugu. Hori bai, galdetu aurretik, hobe da berba egiten has daitezen uztea…
4-FAMILIA-ARMARRIAK
Baloratzen eta maitatzen zaituen familia batekoa zarela eta berton elkar zaintzeko balioak daudela sentitzeak segurtasun emozionala ematen du. Horregatik, garrantzitsua da gure seme-alabei sentiaraztea familiako kide direla horrela.
KIDE IZATE hori sinbolizatzeko eskulan bat familiaren “armarri edo logoa” sortzea da. Bertan, familia gisa ezaugarrituko gaituen esaldi edo elementu komunen bat jarri ahal izango dugu, edo pertsona bakoitzak “bere baratzeko berakatzak” ere proposa ditzake bere marrazkien bidez. Mihise batean egin dezakegu eta etxeko tokiren batean eseki, familiako argazki-album baten azala apaindu edo ehunerako errotuladoreekin margotu, adibidez, oihalezko poltsa batean. Eta interesgarria izan daiteke noizean behin berregitea edo berriz apaintzea.
5-LASAITASUN-TXOKOAK
Garrantzitsua da haurrek emozio atseginen (poza, jakin-mina, segurtasuna, lasaitasuna, …) funts edo fondo bat eduki ahal izatea eta iristen zaizkien emozio desatseginak bideratu ahal izatea (batzuetan horiek sentitzea ere beharrezkoa da-eta). Edozelan ere, emozioak modu egokigarrian kudeatzeko malgutasun emozionala izatea da kontua. Horretarako, onena da gu geu ikus gaitzatela emozioen erregulazio onaren eredu gisa. Horrela, gai izango gara, adibidez, emozio baten etorrera onartzeko, ulertzeko, egokigarria den edo ez ikusteko, intentsitate oso handira iristen ez uzteko eta une eta leku horretarako egokigarriagoa den beste emozio batera igaro ahal izateko.
Lasaitasunaren emozioa trebatzeko formula bat gorputz-adierazpenaren bidez izan daiteke. Arnasketa, gihar-luzaketa, zenbait bistaratze, mugimendu, masaje eta LASAITASUNAREN TXOKOAREKIN.Txoko hori etxeko leku bat izan daiteke, alfonbra batez, kuxin batzuez, manta batzuez, jostailuzko kanpin-denda batez … osatua.Bertan, “lasaitasunaren poteak” egon daitezke, erlaxazio-labirintoak, ipuinak, panpinak, modelatzeko materiala, musika-kutxa bat, …edo une jakin batean lasaitasuna lortzen lagun dezaketen beste gauza batzuk. Adibidez, umeekin arnasa sakon zelan hartu entseatzeko eta espazio horretan jartzeko tresna bat egin dezakegu. Hori sortzeko, lastotxo bat, plastikozko botila baten goiko zatia eta paperezko edo ping-pong-eko pilota bat erabiliko ditugu. Lehenik eta behin, sudurretik arnasa hartzen irakasten da, eta, gero, arnasa botatzen ahoko airea inbutuan sartutako lastotik igaroz, eta horrek aurrez inbutuan sartutako pilota altxaraziko du.
6-AUKEREN GURPILA
Ohiturak eta arauak gure seme-alabei segurtasuna emateko dira. Ez dira hezkuntzaren azken helburua, segurtasuna emateko bitarteko bat baizik. Horren ildotik, osasuna, osotasuna edo bizikidetza babesteko “bai ala bai” bete beharreko arau batzuk ezarri beharko ditugu. Eta beste arau edo ohitura batzuk (edo aurrekoen bigarren momentu bat) ere egongo dira, non umeek zela edo hala parte hartu ahal izango duten horiek zehazten edo martxan jartzen. Eta beste kasu batzuetan, neska-mutilek beren ekimen eta erabakiak hartu beharko dituzte, ondorioak beren gain hartu eta egiten dituzten akatsetatik ikasi.
Alde horretatik, jolas bat AUKEREN ERRULETA sortzea da. Adibidez, jostailuak batzeko ohitura hartzeko, gure seme edo alabari eska diezaiokegu hori egiteko lau modu edo aukera pentsa ditzala. Ondoren, kartoizko plater edo zirkulu batean lau sail banatuko ditugu. Sail bakoitzean aukeretako bat idatzi edo marraztuko dugu. Hankadun txintxeta jarriko dugu itxita zirkuluaren erdian, inguruan klip bat duela. Horrela, jostailuak jasotzea egokitzen zaionean, erruletari bira eman diezaioke, zein forma egokitzen zaion ikusteko. Adibidez: abesti batekin, dantza batekin, panpinei agur esanez, koloreka sailkatuz,…
7-BARKAMEN-BIHOTZAK ETA ESKER ONEKO POTEAK
Esker ona eta barkamena pertsonei seguru sentitzen laguntzen dieten funtsezko bi oinarri dira. Daukaguna edo jasotzen duguna eskertzea eta egin dugun irainen batengatik barkamena eskatzea … hori elkarrekin praktikatu behar dugu guraso eta seme-alaben artean. Gurasook ere eskerrak eman eta barkamena eska diezaiekegu gure seme-alabei.
Hori lantzeko ikur batzuk barkamen-bihotzak eta esker oneko poteak izan daitezke. Barkamena eskatzeko bihotzak sor ditzakegu, adibidez, plastilinaz, marrazki batean edo bihotz formako bizkotxo bat eginez … Kristalezko edo plastikozko pote bat ere apaindu dezakegu, eta familiako pertsonei, etxetik kanpoko beste batzuei, bizitzari, … eskerrak emanez mezuak sartu barruan. Aste oso batekoak elkartu eta gero igandean irakurri edo ikus daitezke.
Horiek dira gure seme-alabenganako maitasuna sinbolizatzeko jolasen adibide batzuk. Edozelan ere, maitasuna eta segurtasuna emateak egunerokoaren parte izan behar du eten barik. Kontua ez da noizean behin gauza “deigarriagoak” egitea bakarrik, funts barik. Gure eguneroko funts edo fondoan afektua, baldintza bako onarpena, kide izatearen sentimendua, esker ona, barkamena, entzutea, elkar zaintzea, malgutasun emozionala, … adierazteko eta autoestimua eta autonomia sustatzeko aukera egon behar du.
Gogoratu behar dugu guraso gisa dugun egitekoa babesa eta autonomia, esplorazioa, parte-hartzea, … uztartzea dela. Gure mendetasunetik atera behar dute, pixkanaka beren independentzia sortzeko, jakinda horretarako ingurune segurua beharko dutela (eta beti izango direla eta izango garela apur bat mendekoak).
Amaitzeko, René Trossero-ren testu hau gogora ekartzera gonbidatzen zaituztegu:
“Benetan lagundu gura badidazu:
Ez ibili nire ordez, utzidazu nire bidetik ibiltzen;
Ez berba egin nire ordez, utzi niri berba egiten eta entzun iezadazu;
Ez negar egin nire ordez, utzi niri negar egiten eta lagun nazazu;
Ez erabaki nire ordez, utzi niri aukeratzen eta errespetatu nire erabakiak;
Ez salto egin uretara nire ordez, utzidazu igeri egiten ikasten;
Ez iezadazu zure esperientzia inposatu, utzidazu nirea egiten;
Ez ezazu nire ordez asmatu, utzidazu erratuz ikasten:
Zeren gehiago hazten bainaiz nik erratuta zuk asmatuta baino.”
Begoña Ruiz, psikologoa
Gai horrekin harreman duen BBK Family artikuluak:
Gai horrekin harreman duen BBK Family bideoak: