6 urterekin kirol bat aukeratzea akatsa da

Kirol-ereduan ikusten diren joera edo gabeziek beti kezkatu gaituzte. Alde batetik, kirol-modalitate bakar baterako espezializazio goiztiarrerako joera eragiten ari direnak; izan ere, azterketek agerian uzten dute askotariko kirol-jarduera dela egokiena ikasleentzat, kirol-hezkuntza integrala jasotzeko aukera emanez. Eta, bestetik, eguneroko kirol-jardunean jarraitzeko ohitura ezartzea lortzen ez dutenak.

Sedentarismo, larregizko pisuari eta obesitateari buruzko datuek erakusten dute horretan zerbait gehiago egin behar dela. Obesitateaz 2020ko apirilean Espainiako Kardiologia Aldizkarian (REC) argitaratutako azken datuek, Espainiako Biztanleriaren Nutrizio Azterlana erreferentziatzat hartuta, adierazten dute 3 eta 8 urte bitarteko haurren kasuan ia % 40k larregizko pisua edo obesitatea duela.

2020an, Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) COSI azterlanaren irizpideetan oinarrituta, haurren eta gazteen obesitate-prebalentzia Espainian Europako altuenetakoa da, Greziaren atzetik. Azken Osasun Inkesta Nazionalaren arabera, Euskadin ere datuak ez dira batere itxaropentsuak: 2 eta 17 urte bitarteko mutilen % 34k eta nesken % 30,7k larregizko pisua edo obesitatea dute.

2020ko martxoaz geroztik, COVID 19aren ondorioz, jarduera fisikorik eza nabarmen gehitu zen, eskolaz kanpoko kirol-jarduerak gelditu egin ziren, eta klubek kirola egiteko zituzten mugengatik jarduera hori aldizkako bihurtu zen.

Orain, ordea, egoerak horretarako aukera ematen duenez, kirolera itzuli behar dugu, eta kirolari lehentasun-maila eman behar diogu familian; izan ere, gizarte-kohesioa eta desberdinen arteko integrazioa bultzatzen lagundu dezaketen pertsona zintzoak sortzeko tresna eraginkorra da, baita bizimodu osasungarriagoa egiteko ere.

Aukeratu jarduera adinaren arabera

Familiek beretarrentzat baliaraz dezakete kirolak prebentziorako eta osatzeko duen ahalmena. Onura fisikoak eta mentalak, ongizate pertsonala eta kolektiboa, bizi-kalitatea, garapen zibikoa eta soziala bizimodu fisikoki aktiboaren sustapenetik eta kirol-jardueretan parte hartzetik sortzen dira. Eta kirol-jarduera hori 0 eta 2 urte bitartean has daiteke, etapa honetarako jarduera egokienak zein diren identifikatuz; izan ere, umetxoentzako gimnasiak eta igeriketak onura asko dituzte.

Hurrengo etapan, motrizitatearen estimulazioan jarriko genuke arreta, hau da, kirol-bizitzaren hasieran, 2 eta 5 urte bitartean. Zelan bultzatu bere gorputz-eskemaren pertzepzioa, erritmoaren eta espazioaren bidezko mugimenduaren kontzientzia, bere egitura espaziala eta inguratzen duen mundua ulertzeko gaitasuna, bere lateralitatea eskuin eta ezker nozioak garatuz, bere gorputzarekin erreferentzia gisa eta bere mugimen-trebetasunekin.

6 eta 12 urte bitarteko neska-mutilen askotariko gorputz- eta kirol-jarduera da jarraipena kirol-hezkuntzaren bilakaeran. Zehazki, kirol-hastapenerako orientazioa da, garapen psikomotorraren eta kognitiboaren etapak bereiziz. Adingabearen adinaren arabera, 6-12 urteko fasean nork erabaki behar duen eta zer egin behar duen bereizten du. 6 urterekin ez du zer kirol-jarduera egin erabaki behar. Zergatik? Erabaki hori hartzeko ezaupide nahikorik ez duelako. Askotariko kirol-esperientziak eskaini behar zaizkie, aukeraketan argudioak izan ditzaten. Bestela, imitazioz aukeratuko da, edo adingabea bizi den gizarte-ingurunearen eraginez.

Nerabezaroa eta kirola, binomio garrantzitsua

Nerabezaroan kirola funtsezkoa da. Neska edo mutila kirola egitera bultzatzen duten gaietan sakontzen da, eta zelan inplementatu kirol-praktika ez desagertzeko. Hori guztia, praktika osasungarria izateko jarraibideen ikuspegitik, kirola egin dezaten eman beharreko gomendioekin. Gogoratu etapa honetan jarduera osasungarria ez dela kronometro baten kontagailuaren edo kirol-sailkapen baten bidez neurtzen; kirol-jardueraz beraz gozatzeak sortzen duen gogobetetasunetik abiatuta neurtzen da.

Izan ere, kiroltasunez hezteko artea zuretarrak maitatzeko ekintza bat da. Zure seme-alaben bizitza hartzen dituzten ohitura edo azturen zuzeneko ondorioa izango da, erakuts iezazkiezu egokiak aukeratzen. Horregatik, zuretarrei ohitura onak sartzea lortzen baduzu, haien bizitza hobea izango da, osoagoa, eta zuri esker izango da, haiek babesteko egin duzun ahaleginari esker.

Oskar Martín, “Tu Tribu, Saludable” gidaren egilea eta ACTIOSports-en sortzailea, eta Sheila Lago, ACTIOSports-ekoa

Gai honekin harremana duten BBK Family artikuluak

Gai honekin harremana duten bideoak

BBK Family Learning

×