niños y mentiras

6 tip edo aholku gezurrak kudeatzeko (eta zure seme-alabek gezur gutxiago esateko)

Gurasoak gehien kezkatzen dituen jokabideetako bat gezurra esatearena da. Gezurra traizio, dezepzio eta konfiantza-galtze gisa bizi da, eta horrek zentsura eta gurasoen kontrola areagotzea ekarri ohi du. Gatazka askoren kausa izaten da etxean, horregatik modu eraginkorragoan kudeatzeko gako batzuk aurkeztuko dizkizuegu.

Zergatik esaten dute gezurra neska-mutikoek?

Lehenik eta behin, garrantzitsua da jakitea zer motibazio dagoen gezurra esateko ekintzaren atzean. Eta, egia esan, geure buruari galdetu beharko genioke zertarako esaten ditugun gezurrak, gezurra ez baita haurtzaroko jokabide esklusiboa, jakina.

Are gehiago, ikasitako jokabidea da, sarritan sozialki indartua. Esate baterako, gezur “errukitsuak” oso onartuak dira, gizarte-harremanen esparruan bestea ez iraintzeko edo kaltetzeko aitzakiarekin. Hala ere, horrek lehenengo inkongruentzia sortuko du: ez da gezurrik esan behar, baina batzuetan bai? “Samina saihesteko” bada ere, gezurra legitimatu beharrean, errealitatea ez ukatzea eta bestearenganako errespetuan eta enpatian heztea litzateke egokiena.

Umeek gezurra esateko arrazoi nagusiak honako hauek izaten dira:

– Oraindik ez izatea garbi errealitatearen eta fantasiaren arteko muga; horregatik, errealitatea desitxuratu egin dezakete edo kontakizun fantastikoak, baina egiazkotzat defendatzen dituztenak, egin ditzakete.

– Zer gertatzen den esploratzeko.

– Zigor edo/eta kritika bat saihesteko.

– Besteei atsegingarri gertatzeko.

– Inpultsibitate edo oldarkortasunez: ez dira pentsatzera eta erantzun bat ematera gelditzen; maiz gertatzen da autoerregulatzeko zailtasunak dituzten neska-mutiko oso urduriekin.

– Imitazioz, ikusten dutena erreproduzitzen dute.

Zer egin dezakegu?

1. Ez gezurrik esan beraiei.

Hazkuntzan eta hezkuntzan beti gertatzen den lez, ardatza lehenik eta behin geuregan jarri behar dugu. Zintzoak izan behar dugu eta gure seme-alabei zenbat gezur esaten diegun baloratu behar dugu, hori zer egoeratan egiten dugun eta eurak ere horretara noiz animatzen ditugun konturatu behar dugu.

Adibide argi bat: etxean eztabaidan ari gara, zer gertatzen den galdetzen digute eta guk “Ezer ez” erantzuten diegu, agerikoa izanik ez dela horrela. Beste ohiko egoera bat informazioa ezkutatzen diegunekoa da, uste dugulako ezingo diotela aurre egin (gaixotasunen bati, senitartekoren baten heriotzari, …), nahiz eta zerbait gertatzen dela sumatu beraiek. Beste batzuetan, gura duguna egin dezaten, mehatxu egin edo zerbait agintzen diegu, baina gero ez dugu betetzen.  

Maiz ematen den beste egoera bat: beren adinaz gezurra esatera bultzatzen ditugu jolas-parkeko atrakzio batera igotzeko, edo ikuskizunen batera joateko, edo isuna saihesteko.

Helduen gezur horien lekuko izanik, gaitza gertatzen zaie gezurrik ez esateko mezua ulertzea. Zintzoak izango direla ziurtatzeko modurik onena gu beraiekin zintzo eta egiatiak izatea da.

2. Zigorrak saihestu.

Zigorrak sentimendu negatibo asko sortzen ditu, hala nola amorrua, frustrazioa, kaltetua sentitzea, mendeku-gosea, gaizto edo behar bezain ona ez dela sentitzea. Horrela sentitzeak ez du ekarriko bizitzarako trebetasunak ikastea edo garatzea. Beraz, “Zure anaia (edo neba) jo duzu?” edo “Nork apurtu du?” bezalako itaunen aurrean, gezurra esatera jotzen da zigorra saihesteko.

Zer egin behar dugu orduan?  Konponbideetan jarri arreta. Beraiekin batera aztertu zer egin daitekeen berriro jazo edo gerta ez dadin, eta ikusi horren inguruan zer egiteko prest dauden haiek. Aukera egokiagoak bilatzeko orduan gidatu eta laguntza eman diezaiekegu, eta horietako pare bat hauta ditzatela, hurrengoan praktikan jartzeko. Mahaian jolasean zebiltzalako baso bat ur bota badute, ahal duten neurrian lehortzen lagundu ostean, zergatik gertatu den hausnartuko dugu eta, berriro gerta ez dadin, zelan egon behar duten mahaian (eserita, jolastu barik, edalontzia ertzetik edo beste pertsona baten besotik urrunago utzi, …).  Horrela, irtenbide baten bila gabiltza berriz gerta ez dadin, eta epaitu edo errua bota barik erantzukizuna beren gain har dezaten laguntzen ari gara.

3. Segurutzat jo beharrean, galdetu.

Eskolako gatazkaren baten edo beste edozein egoeraren berri izaten dugunean, konfiantzazko elkarrizketa bat ezarri gura badugu seme-alabekin eta epaituta, mehatxu pean eta beren baitan itxita senti ez daitezen, esan beharrean “Bai, esan didate norbait jo duzula…” edo “Zure irakasleak esan dit ez dituzula etxeko lanak egin”, komeni da horri buruzko galderak egitea: “Gaur patioan zerbait gertatu dela uste dut, kontatu gura didazu? Zure bertsioa ezagutu nahi nuke”.

4. Entzute enpatikoa eta aktiboa.

Gure seme-alabek gertatu zaien zerbait kontatzea erabakitzen dutenean, interesgarria da “ahoa itxita erantzuteko” estrategia probatzea. Hau da, arretaz entzutea, une horretan egiten ari garena utzi eta adierazi gura diguten horretan arreta osoa jartzea, eta ezpainak elkartuta bakarrik erantzutea, aamm, uuummm bezalako soinuekin. Estrategia horrek haiekin hobeto konektatzen lagunduko digu, aholkuan, judizioan edo gaitzespenean erori barik. Horren ondorioz, konfiantza-giroa sortuko da, ulertzen ditugula ikusiko dute, eta hobeto sentituko dira ondo egin ez duten zerbait guri kontatzeko. Ondoren, kritikatu beharrean, beren jarduera zer iruditzen zaien galdegin diezaiekegu, eta hausnar dezatela hurrengoan zelan egin lezaketen hobeto.

5. Akusaziozko itaunen ordez, arazoa konpontzeko eskatu.

“Nork utzi du komuneko argia piztuta?” galdetu ordez (hutsegitea nork egin duen jakin eta errudun bat bilatzera bideratuago dago itaun hori, eta baliteke horrek beldurra eta erantzun iheskor bat sortzea), egokiagoa da honela planteatzea: “Komuneko argia piztuta dago, norbaitek itzungi dezake? Izan ere, zer interesatzen zaigu benetan, nor izan den jakitea ala argia amatatzea? Edo, era berean, “Nire ordenagailu eramangarria piztuta topatu dut; mesedez, erabili duenak laga dezala bere lekuan eta hurrengoan kontu handiagoz ibili”.

6. Zuzentzeko tartea utzi eta agiraka egitea saihestu.

Gezurretan ari zaizkigula edo haien diskurtsoa zalantzazkoa dela susmatzen badugu, gure zalantzak adieraz diezazkiekegu, eta azaldu zer garrantzitsua den guretzat haiengan konfiantza izatea, eta konfiantza hori galtzeak dituen ondorioak. Gertatutakoaz pentsatzeko eta geroago berba egiteko aukera eman diezaiekegu.  Horrela, zuzentzeko eta zintzoak izateko aukera ematen diegu, akusatu barik. Azkenik, gezurra esan badute, berriro saihestu dezagun zigorra, beren akatsa aitortu eta zuzendu ahal izatea oso ikaskuntza baliotsua da eta.

Lorena Méndez Robredo. Psikoterapeuta eta Diziplina Positiboan Hezitzailea.

Gai horrekin harremana dituen BBK Family artikuluak

Iruzkinak itxiak daude.

BBK Family Learning

×