actividades en familia en casa

15 jarduera familian, 15 egunetan etxean egiteko (haurrekin)

Honako ekintzak, nahiago badituzu fitxa formatuan izatea, hemendik deskargatu.

Egun asko etxean igarotzeak kanpora ateratzeko aukera barik, halako “larrimin” bat sortzen digu familioi. Batetik, gure “itxialdiaren” arrazoiagatik, eta, bestetik, gure seme-alabekin zer egin edo denbora zelan kudeatu ez jakiteagatik. Egunak luzeak gerta dakizkiguke, telebista-pantaila, bideo-joko edo mugikorren aurrean denbora mugatzeko “borroka” gogorrarekin. Garrantzitsua da egun hauetan errutina batzuk sortzea. Horrela, beharrezkoa da zenbait alderdi zaintzea, hala nola lo egiteko eta esnatzeko ordutegi “normalak” izatea, higiene egokia, elikadura osasungarria, etxeko lanak partekatzea, eskola-errefortzua eta jolasa antolatzea.

Eta, jolaserako denboraren barruan, interesgarria da umea edo umeak bakarka jolasteko uneak eta familian elkarrekin jolasteko uneak egotea. Onena izango litzateke neska-mutikoek eurek asmatzea zer egin, aspertuz gero. Hala ere, familian jarduerak egiteko ideiak emango dizkizuegu. Irizpide batzuk betetzen dituztenak aukeratu ditugu: haurren eta helduen artean partekatu daitezke, adin askotara egokitu daitezke, ez dute material oso berezirik behar, jarduera fisiko mugatu bat eskatzen dute, emozioak kudeatzen lagun dezakete, afektua adierazteko aukera ematen dute, baita sormena garatzeko ere (margotze, modelatze, collage, narrazio, dantza, musika eta abarren bidez). Jakina, agertzen diren argibide edo oharrak orientabide hutsak dira eta ideala da familia bakoitzak berak asmatzea egiteko modua. Material batzuk iradokitzen dizkizuegu, baina horietakoren bat ez baduzue etxean, lasai, ez da ezer gertatzen, ziur gaude bururatuko zaizuela zelan egin eskura dituzuen baliabideekin.  Honako ekintzak, nahiago badituzu fitxa formatuan izatea, hemendik deskargatu.

Espero dugu zuentzat baliagarriak izatea eta jarduerak gauzatu ahal izatea.

1-MUNSTRO BAT EGITEA

Materialak:

Plastilina/Kartoizko kutxak/Orriak/Egunkari-papera/Plastikozko botilak edo beste edozein material. Margoak/Errotuladoreak/Eranskailuak/Aldizkari-zati edo ebakinak …

Zelan jolastu:

Familiari “munstro” bat egitea proposatuko zaio. Edo beldurra eman dezakeen zerbait. Ogro bat, sorgin bat, zonbi bat, koranobirus bat, … Eta hori plastilina, paperezko orriak, kartoizko kutxak, egunkariak, plastikozko botilak eta abar erabiliz egin dezakezue, baita ere margoak, errotuladoreak, akuarelak, eranskailu edo pegatinak, etab. Nolabaiteko “bolumena” duen zerbait egiten baduzue, hobe. Hasi aurretik eta egiten duzuen bitartean, itaun edo galderak egin diezazkiekezue txikiei: zer kolore izango duen, zenbat begi, zer egin beldurra emateko, …

Behin egin eta gero, neska-mutikoei proposa diezaiekegu zer egin gura duten berarekin …  Agian beste barik utzi gura dute, edo suntsitu … Etxean ezkuta dezakezue, ea nork topatzen duen, edo laser-izpiak jaurti, paperezko bolak bota, “txertoak” jarri … edo bururatzen zaizuen beste edozer gauza.

2“MINIOLINPIADAK” ETXEAN

Materialak: Pilota txikiak/papera/zinta isolatzailea/zeloa/egunkari-orriak/puxikak/plastikozko botilak edo kontserba-kaxak, …

Zelan jolastu:

Etxean duzuen leku mugatuan “kirol” jolas txikien zirkuitu bat sortzea da asmoa. Parte hartuko duzuen pertsonak kirolari olinpikoak izango zarete, domina lortu gura duzuenak. Hona hemen “kirolen” zenbait iradokizun:

  • “Saskibaloia”. Etxean ditugun pilota txiki batzuk hartu edo egunkari-paperezko bola batzuk egin zeloz inguratuta, eta jaurti eta ontzi, palankana edo saski batean sartzen saiatu. Altuera aldatuz joan daiteke.
  • “Futbola”. Atezainen entrenamendua egin.Horretarako, lurrean etzan behar da, eta, lurretik altxatu barik, eskuekin hartzen joan ezker-eskuin botako diren pilotak.  Dibertigarriagoa egiteko, hotzerako eskularruak jarrita egin daiteke. 
  • “Luzera-jauzia”: Jarri xingola bat sukaldeko lurrean, eta salto egin aurrerantz, ea noraino iristen zareten. Bi oinekin, txingoka, aurreraka, atzeraka, …
  • “Golfa”: ping-pongeko edo paperez egindako pilotatxo bati putz egitea lurrean, xingola edo soka batekin zirkuitua egin eta jarriko duzuen helmugaraino. Helmuga pasa egiten baduzue, barruan sartu arte jarraitu beharko duzue.
  • “Volleyball”: Puztutako puxika bat, etxeko lekuren batean bi muturren artean lotuta dagoen soka baten gainetik pasatzea.
  • “Halterofilia”: Erabili ur-botila batzuk edo kontserba-lata batzuk pisu gisa. Aldaera bat “kilimak” egiten dizkizuten bitartean “pisu-altxaketak” egitea da.
  • “Xabalina jaurtitzea”: Plastikozko lastoak edo zotz txikiak bota behar dira, ea nor iristen den urrutirago.
  • “Bola-jokoa”: Plastikozko botilak edo beste ontzi batzuk birla edo txirlo moduan jarri, eta benetako pilota batekin edo egunkari-paperez egindako eta zeloz edo zintaz inguratutako pilota batekin birla horiek botatzen saiatzea.

Mugimendu- eta punteria-jarduera horri eskulan apur bat gehitu diezaiokezue, aldez aurretik zuzi olinpikoa, parte-hartzaile bakoitzaren banderak, eraztun olinpikoak, dominak eta abar eginez. Zuzi olinpikoa sukaldeko paperaren kartoizko tutu batekin egin daiteke, kanpotik grisez margotu eta muturretako batean paper laranja eta hori batzuk jarrita. Dominak, paperezko edo kartoizko zirkuluekin, zilarrezko paperarekin … kordoi edo xingola bat dutela esekitzeko. Uztai olinpikoak, kartoizko plater edo paper arruntean zirkuluak ebakiz, margotuz eta elkar lotuz.

3-MASAJE LASAIGARRIAK

Materialak: Musika, xukadera, kandela usaintsua edo intsentsua, krema edo gorputzeko olioa.

Zelan jolastu:

Yoga, mindfullnes, haurrentzako erlaxazio muskular apur bat egitea ere ideia ona da. Masajeak gustatu ohi zaizkie, eta erlaxazioa eta elkar zaintzea lantzeko modu bat da. Txandak egin ditzakezue masajeak emateko. Hainbat aukera daude horretarako: eskuak, oinak, luma bat, pintzel bat, txotxongilo leun bat, oihaltxo bat, ile-eskuila leun bat edo besterik erabiliz masajeak bizkarrean, eskuetan, oinetan, buruan eta abarretan ematea.

Jarduera hori interesgarriago bihurtzeko, “eszenatokia” presta daiteke: etxeko zein lekutan egin, zein xukadera edo maindire erabili, zer krema edo olio, zein musika lasaigarri entzun, kandela aromatiko bat edo intsentsu pixka bat jarriko duzuen (kontuz umeak erre ez daitezen). 

Masajea jolas eta abestiren batekin egin daiteke (batez ere, ume txikien kasuan). Hona hemen masajea eta jolasa elkartzen dituen adibide bat:  

Bizkarretik hasi:  Inurritxoak igotzen ari dira, inurritxoak igotzen ari dira… inurritxoak jaisten ari dira, inurritxoak jaisten ari dira (hatz-mamiekin). Elefanteak igotzen ari dira, elefanteak igotzen ari dira… elefanteak jaisten ari dira, elefanteak jaisten ari dira (ukabilak itxita, presio apur bat gehiago eginez). Sugea igotzen ari da, sugea igotzen ari da… sugea jaisten ari da, sugea jaisten ari da (eskuak bizkarrean narrasten ari balira bezala egin).

Buruan jarraitu: Armiarma bat bere hankatxoekin doa buruan behetik gora (hatz-mamiekin presio leunak egin). Har txiki bat dabil zure buruan (masaje txiki bat egin, eta buruan hazka).

Buruan masaje-joko bat ere egin daiteke ile-apaintzaileak bagina lez, gorputzeko masaje-joko bat itsasoan bageunde bezala olatuekin eta bertan bizi diren animaliekin, eta abar. Irudimena aske.   

  1. ESPERIMENTUAK EGITEA

Materialak: Lekaleak/Limoiak/Ura/Papera/Ozpina …

Zelan jolastu:

Haurrekin esperimentu xume batzuk egiteko aprobetxa dezakezue. Beti kontuz, eta beren adinera egokituta.

  • Lekaleak ereitea. Erraza da. Sartu lekale batzuk (dilistak edo babarrunak) edalontzi edo jogurt-ontzi batean uretan edo alkoholetan bustitako kotoiarekin. Eta itxaron egun batzuetan zelan ernetzen den ikusteko, baina mantendu kotoiaren hezetasuna beti. Edalontzia edo ontzia apaintzeko ere aprobetxa dezakezue.
  • Tinta ikusezina egitea. Limoi bati zukua atera, eta koilarakada bat ur gehitu zukuari. Kotoi-txotx edo pintzel batekin eragin likidoari, eta idatzi edo margotu daiteke nahastura horrekin. Paperaren azpian ile-lehorgailu bat jarri, eta idatzitakoa edo marraztutakoa ikusiko duzue. Etxean zehar mezu ezkutuak uzteko balia daiteke.
  • Aparrezko sumendia. Poto edo ontzi baten laurdena ozpinez bete, baxera garbitzeko xaboi-zorrotada txiki bat bota eta eragin. Koilarakada bat bikarbonato gehitu. Potoa erretilu batean jarri, eta sumendi bat erupzioan ikusiko duzue.
  • Etxeko slime. Etxean slime egiteko errezeta asko daude. Hona hemen modu bat. Plastikozko ontzi batean, bota kikara erdi xanpu, gehitu azukre edo gatza (koilarakada txiki bat) eta nahastu. Pixkanaka trinkotasun lodiagoa hartuko du, eta azukrea botatzen jarraitu behar da slime testura izan arte. Laga ontzia izozkailuan gutxienez bi orduz loditu dadin, eta gero atera, eta jolas egiteko prest izango duzue. 
  • Irekitzen diren loreak. Paperezko loreak marraztu eta koloreztatu behar dira. Zirkulu bat eta inguruan petaloak marraztuko dira. Margotutako loreak ertzetik ebaki eta, ondoren, lorearen petalo bakoitza barrurantz tolestu behar da. Petalo guztiak zirkulu barrurantz tolestuta daudenean, gorde egingo dira. Ondoren, loreak platerean ipini, eta petaloak zelan zabaltzen diren ikusiko da.
  1. “TADEO JONES” ALTXORRAREN BILA

Beharrezko materialak: Kartoizko edo plastikozko kaxa/Paperezko gutun-azala. Pinturak/eranskailuak/gomaeva … Papera

Zelan jolastu:

Etxean altxor baten bila dabiltzan esploratzaile lez jolastuko da. Horretarako, altxorraren kutxa sortu behar da, ezkutatu, aurkitzeko pista edo lagungarriak utzi, tranpak jarri …

Hasteko, altxorraren kutxa egin dezakezue kartoizko kutxa txiki, tuper edo paperezko gutun-azal… batekin. Pinturaz, eranskailuz, ebakinez, EVA gomaz eta abarrez apaindu dezakezue. Etxean giltzarrapo bat baduzue, kutxari jar diezaiokezue.

Ondoren, norbaitek “altxor” bat jarriko du kutxan, pistak asmatu eta papertxoetan ezkutatuta utziko ditu etxe osoko objektu eta lekuetan. Pista batek beste batera eramango du, eta horrek hurrengora, horrela altxorrera iritsi arte. Hobe da pertsona heldu bat hastea rol horrekin.

Altxor-bilatzaileek gela batean geratu behar dute begiratu barik, beste pertsona pistak eta altxorra etxean zehar ezkutatzen dabilen bitartean. Altxor-kutxaren barruan gauzatxoren bat jar dezakezue: kromo-sorta bat, arkatz polit bat, txokolatina bat, maitasun-mezu bat …

Altxorraren bila ibiltzeko gainditu beharreko “tranpa” batzuk ere gehitu ahal dizkiozue jokoari.  Adibidez: ixteko edo zelo lodizko zerrenda gurutzatuak jar daitezke korridorean, armiarma-sare edo amaraun gisa; lurrean soka edo zinta bat jarri itsatsita, hura zapalduz ibiltzeko oreka galdu barik, kanpoan dauden krokodiloak saihesteko; lurrean oihal edo arropa batzuk jar ditzakezue, zapaldu behar ez direnak, sugeen “putzu” batean ez erortzeko; gela batean xingola bat ere jar daiteke erdi-maila edo altuera ertainean haren azpitik igarotzeko, etab.

Etxean duzuen zerbaitekin edo paperez edo kartoi mehez egindako gauzaren batekin abenturazalez mozorrotzeko ere aprobetxa dezakezue. Pistak ezkutatu dituen pertsonak “epel”, “hotz”, “bero” … esan dezake, pistak gordeta daudeneko objektuetara hurbildu edo urrundu ahala.

Gero, rolak alda ditzakezue, zer-nolako pistak jarri eta non ezkuta ditzaketen pentsatzen lagunduz umeei. Pistak idatzi edo marraztu egin daitezke.  

8-10 urteko haurrentzako pisten adibide batzuk (txikienei egokitu egin behar zaizkie pistak eta aurkitu ahala irakurri egingo zaizkie):  

  • 1. pista: Bilatu hurrengo pista, eta han zure bikia ikusiko duzu (ispilu batean ezkutatzeko).
  •  
  • 2. pista: Ter Estegen-ek erabiltzen du (futboleko eskularru batean ezkutatzeko).
  • 3. pista: Bilatu K——O P—-A letrak dituen objektu batean (komuneko paper-bilkarian ezkutatzeko)
  • 4. pista: Putz eta putz egingo dut … (3 txerrikumeen ipuinean ezkutatzeko)

Kontua da pistak sortzea eta neska-mutikoei gustatzen zaizkien edo elkarrekin egin dituzuen gauzak gogorarazten dizkieten gauzetan uztea.  

  1.  FAMILIAREN ZUHAITZA

Materialak: Paperezko orriak/Zinta isolatzailea/Soka/Zeloa … Margoak/Errotuladoreak/Eranskailuak/Argazkiak

Zelan jolastu

Zuen familiako gauzekin ZUHAITZ bat sortzea da helburua. Horretarako, egokiena kartoi mehe pare bat batuta edo paper handi bat izatea da. Ez baduzue, lasai, ez da ezer gertatzen. Txiki batean egin dezakezue, edo handi bat sortu hainbat folio zeloz elkartuta, edo zuzenean sukaldeko zoruaz baliatu.  

Zelo edo sokak erabiliz zuhaitz bat marraztu edo bere silueta egin behar da, sustrai, enbor, adar, hosto, fruitu eta abarrekin.

Zuhaitza gura duzuen bezala apaintzeaz gain (margotuz, gauzak itsatsiz, …), honako hauek egin ditzakezue:

  • Familiako pertsonen izenak ipini.
  • Pertsona horiek marraztu edo horien argazkiak ipini.
  • Izen edo argazki bakoitzaren ondoan, pertsona horren tasun edo ezaugarri bat jarri, gogoko duzuena.
  • Pertsona horrentzako maitasun-mezuak utzi.

Jarduera honek, gainera, familia-argazkien albumak ateratzeko aukera ematen du, pertsonak, elkarrekin egindako jarduerak eta abar gogora ekartzeko.

  1.  FILM BAT FILMATZEA

Materialak: aulkiak, mahaiak, esku-argi edo linternak, musika, paperak, margoak, …

Zelan jolastu:

Etxeko egongela telesail, film, publizitate-spot … bat filmatzeko plato bihur dezakezue. Horretarako, pentsatu behar da zer gai eta zer eszena filmatuko diren, zer pertsonaia agertuko diren, nork filmatuko duen eta nortzuk izango diren aktoreakDekoratua sortu beharko da, pertsonaiez mozorrotu, soinu-banda aukeratu eta erabaki zelan entzun, zelan egin hartualdietarako klaketa,

Agertokia egiteko, bururatzen zaizkizuen mahaiak, aulkiak, mantak, oihalak, panpinak … erabil ditzakezue. Eskulanen bat ere egin dezakezue, foku gisa erabiltzeko linternak bilatu,Mozorrotzeko, etxean dauden arropak erabili, eskulanetan egindako osagarriak, makillajea eta abar.

Eszena grabatuko duen pertsonak (txandaka egin dezakezue) honako ardura hauek izango ditu: filmatzen den bitartean musika jartzea, eszenetarako klaketa erabiltzea (eskuekin, edo klaketa bat egin eskulanetan), telefono mugikorraz edo bideokameraz grabatzea eta abar.

Eszena bat filmatu ostean, bideoan ikus dezakezue grabatuta, eta gero eszena errepikatu berriro, edo beste batzuk sortu.

  1. BARREARI EUSTEA

Materialak: Material zehatzik ez.

Zelan jolastu: Barreari eusten ahalegintzeko jolasak egin behar dira. Adibidez, ohiko jolasa: aurpegira begiratu eta barre ez egiten saiatu. Lehenengo barre egiten duenak galdu egiten du. Txisteak kontatuz edo “zentzugabekeriak” esanez ere jolastu daiteke. Jolasteko modu bat galdera edo itauna paper zati batean idaztea da, eta galdera horren erantzuna beste paper zati batean. Horrela, galdera eta erantzun asko izango ditugu paper ezberdinetan. Gero, poltsa batean galdera guztiak batuko dira, eta beste batean erantzun guztiak. Txandaka, pertsona bakoitzak galdera bat eta erantzun bat hartuko ditu ausaz. Lehenik galdera eta gero erantzuna irakurriko ditu. Litekeena da erantzunek galderekin batere zerikusirik ez izatea eta barrea eragitea, baina eutsi egin behar zaio barregurari. Galderak honelakoak izan daitezke, adibidez:  Zertarako balio du ile-lehorgailu batek? Zertarako balio du labe batek? Zenbat hanka ditu katu batek? Zenbat begi ditu txori batek? … Eta bururatzen zaizuen beste edozein galdera mota.

  1. CHEF EDO SUKALDARIAK ETXEAN

Materialak: Elikagaiak. Sukaldeko tresnak. Eskulanetarako materialak

Zelan jolastu:

Etxean piknik bat egin gura duzue? Bota lurrera manta, mahai-zapi edo xukadera handi batzuk egongelan edo sukaldean, eta piknik bat muntatu behar duzue zelaian egongo bazinete lez.   Egin gura duzue menu bat Michelin izarreko jatetxe batean? Mahai-zapi “ona” atera eta “tresneria on” guztia jarri behar duzue.

Piknika edo jatetxeko bazkaria egiteko, lehendabizi kuzinatu egin behar duzue.

Hasteko, chef-txano bat egin dezakezue paper edo kartoi mehe zati batekin eta plastikozko poltsa batekin. Lehenik, pertsonaren buruaren diametroa neurtuko da. Diametro horren tamainako eta 5 cm inguruko zabalerako paperezko edo kartoi mehezko zerrenda bat moztu behar da. Zerrenda marrazkiz, gomet-ez, ponpoiez, … apain dezakezue. Kartoi mehearen muturrak batu eta zirkunferentzia bat egiteko itsatsiko dira. Amaitzeko, zinta itsaskorrez edo grapaz itsatsi poltsa, zerrendaren barrualdetik, forma emanez.

Ondoren, zein errezeta egin pentsatu behar da, liburu batean edo Interneten bilatu, irakurri, osagaiak ikusi, egiteko prozesua (kopuru handiagoa edo txikiagoa egin gura bada, matematikako baliokidetasunak lantzeko une aproposa da) … BBizkotxoa, pizza, fruta-burruntzia, … egin daiteke. Labean sartu beharreko zerbait egiten baduzue, itxarote-denbora tresneria prestatzeko aprobetxa dezakezue. Agian zerbait apaindu dezakezue. Adibidez, kartoizko edalontziak kanpotik margotuz, “mezu bereziak” dituzten paperezko ezpainzapiak eginez, paperezko loreekin edo bururatzen zaizkizuen beste motibo batzuekin mahai-apaingarri edo zentro bat eginez …

Dena prest dagoenean, egongelan lurrean edo zuen mahai “berezian” eseri ahal izango zarete bazkaltzera …Eta, gero, siesta egin edo kartetan jolastu.

  1. ISTORIOAK SORTZEA

Materialak: Paperak, margoak, …

Story Cubs dadoak jolaserako materiala dira, eta hainbat pertsonaren arteko istorioak asmatzeko aukera ematen dute, botatzen diren dadoetan bakoitzari egokitzen zaion sinboloaren arabera. “Etxeko” bertsio bat egin dezakegu.

Paper zatietan, pertsona bakoitzak objektu, gauza edo sinbolo ezberdinak idatzi edo marraztu ditzake.Interneten ere bila daitezke argazkiak eta inprimatu. Objektu edo gauza bat paper bakoitzean. Egin ostean, papertxoak tolestu eta poltsa batean sartzen dira. Pertsona batek papertxo bat hartuko du ausaz, eta istorioa hasiko du, paper horretan marraztutako objektu edo sinboloa barne izan beharko duena. Hurrengoak beste bat aterako du eta atera duenarekin istorioa jarraituko du, eta horrela, bukatu arte.

Marraztu daitezkeen objektuak, gauzak edo sinboloak ezberdinak izan daitezke. Hona hemen adibide batzuk: emotikonoak, animaliak, musika-notak, borroka-objektuak, eraikinak, eguzkiak/ortzadarrak/hodeiak, pertsonak, mapak, janariak, eskailerak, dirua, telefonoa, kobazuloak, betaurrekoak, botikak, landareak, eskuak, giltzak, aztarnak, tximistak, begiak, galdera- edo harridura-markak, erlojuak, mundua, lupak, liburuak, makila magikoak, …

Gehiago dibertitzeko beste aldaera batzuk ere badaude. Adibidez: kontatzen ari denaren audio bat grabatzea eta gero entzutea; istorioa berriz egitea paper berberekin baina lehen ateratako ordena aldatuz (orain azkena izango da lehena istorio berri bat egiteko); istorioa keinuekin bakarrik eginez; paperetan ateratzen dena esanez baina letrak alderantziz jarrita; …

Kanpainako etxola edo denda baten barruan istorioak kontatzea ere asko gustatzen da; mahai, aulki, oihal, manta eta abarrekin egin dezakezue etxola edo denda.

  1. DANCING ETA KARAOKEA

Materialak: Musika, eskulanetarako materiala.

Zelan jolastu:

Dantza egitea, jolas gisa, oso dibertigarria da. Musika bat aukeratu eta koreografia bat presta dezakezue elkarrekin dantzatzeko.

Barre egiteko bertsioak egin daitezke. Adibidez: koreografia kamera geldoan egitea, kamera lasterrean, “puzkerrak” botaz, kuxinak bota eta borroka eginez, robotak bazinete bezala mugituz, …

KARAOKEA ere sar dezakezue, dantzatzeko jartzen dituzuen abestiak kantatuz edo asmatuz.  Mikrofono bat erabil dezakezue edo zeuek egin eskulanetan. Adibidez, sukaldeko paperak erdian izaten duen kartoizko tutuarekin, aluminio-paperezko bola bat mutur batean jarrita.  

  1. ESKULTURA ERRESPETATUAK

Materialak: Plastilina/Kartoia/Orriak. Margoak, errotuladoreak, artaziak …

Zelan jolastu:

Jarduera hau egiteko egokia da modelatzeko plastilina edo buztina izatea. Baina ez badaukazue, lasai, ez da ezer gertatzen. Kartoizko kaxa, paper eta margoekin edo bururatzen zaizkigun beste gauza batzuekin egin daiteke. Pertsona bakoitzak eskultura, marrazki, collage, … bat egingo du. Aginduak izan behar du “10 minutuan ahalik eta politena den zerbait egitea” (ume txikerragoekin denbora laburragoan egin beharko da). Minutu horiek igarotzean, pertsona bakoitzak berak sortu duena pasatuko dio ondoan duenari, eta horrek besteari, eta abar Pertsona batek beste batek sorturikoa jasotzen duenean, agindu hau izango du: “Beste pertsonak egindakoa edertzen edo polit egiten jarraitu behar duzu 5 minutuz, baina aurrekoak egindakoa errespetatuz“. Horrela, sortze-lan guztiak pertsona guztien eskuetatik igaro arte. Amaieran, horien argazki bat egiteko elkartuko dira.

Komeni da isilik egitea, pertsona bakoitzak bere irudia edo marrazkia egiten duen, beste batena aldatzen duen edo bereari “tuning” egiten dioten bitartean jartzen duen aurpegia ikusteko.

  1. ANTZERKIA EGITEA

Materialak: Kartoia/Papera. Margoak, artaziak … Galtzerdiak, eskularruak …

Zelan jolastu:

Etxean antzezlan txiki bat sortzea da helburua. Adibidez, sortuko dituzuen txotxongilo edo itzalen bidez egin dezakezue.  

Txotxongiloak egiteko, galtzerdi zahar edo eskuzorro batzuk hartu eta pertsonaiaren bat sortzeko osatu eta apaindu egin ditzakezue begiak, sudurra, ileak, belarriak … erantsiz. Zurezko koilara, burruntzali edo bururatzen zaizuena ere erabil daiteke. Txotxongiloentzako eszenatoki txiki bat egitera animatzen bazarete, primeran. Beti egin dezakezue aulki pare bat, manta bat eta etxean topatuko duzuen beste zerbait erabilita.

Itzal-antzerki bat egin gura baduzue, zenbait pertsonaiaren siluetak marraztu eta moztu behar dituzue kartoi mehe edo paperean, eta gero zotz luze batzuetan, koilara handi batean, … itsatsi. Argiak amatatu eta esku-argi edo linterna batzuk erabiliz, pertsonaia horiekin itzalak egin eta istorio bat osatu dezakezue.

Pertsona bat txotxongilo lez erabilita ere egin daiteke giñola. Batek bestea txotxongilo gisa erabiliz, istorio edo bakarrizketa bat egin behar du.

Ipuin, film edo asmatutako istorio bat aukera dezakezue hori egiteko.

  1.  AUTOEN ZIRKUITUAK, KANIKAK, TXAPAK, BOLAK …

Materialak: Kartoizko tutuak/Arkatzak/Zotzak. Autoak/puxtarriak/pilotatxoak.

Zelan jolastu:

Kontua da irudimena erabiltzea eta etxean zehar errepide-zirkuituak edo erreiak sortzea auto, puxtarri, txapa, pilota eta abarrekin jolasteko.

Zirkuitu horiek hainbat gai edo materialez egin ditzakezue. Adibidez, komuneko edo sukaldeko paper biribilkien kartoizko tutuak zeloz lotuta …  arkatzez edo zotzez erreiak sortuz … lurrean zinta edo xingola itsatsiz …

Horietatik autoak, txapak, ping pong-eko pilotak edo paperezko bolatxoak pasa daitezke, lastotxo batekin putz eginez mugiarazi behar direlarik.

  1. BEGIAK ITXITA ETA BELARRIAK ESTALITA

Materialak: Oihalezko zapiak. Margoak, orriak …

Zelan jolastu:

Hainbat jolas daude begiak itxita edo soinu barik egiteko, eta dibertigarriak izan daitezke, aldi berean, zentzumen edo sentsorialaz jabetzen laguntzen digute eta.

BEGIAK ITXITA GIDATZEA. Familiako pertsona batek begiak estali behar ditu, eta besteak hura etxean zehar gidatuko du talka egin ez dezan, helmuga batera iristeko. Dibertigarriagoa izan daiteke “tranpa” batzuk jarriz gero, horiek saihesten lagundu behar diolarik itsu-gidariak. Adibidez: salto egin beharreko guneak, marra jakin baten gainean ibiltzea, soka baten azpitik igarotzea, korridorean sokaz eta xingolaz egindako armiarma-sare edo amarauna zeharkatzea, …  Ondoren, aldatu egiten dira rol edo eginkizunak. Azkenean, pertsona guztiak ibil daitezke begiak itxita, eta elkarri lagundu behar diote helmugara iristeko.  

ITSU-ITSUAN MARRAZTEA. Pertsona bat zuzendaria izango da. Besteak mahaian eseriko dira, paper bat eta margoak gertu dituztela. Begiak estali behar dituzte. Zuzendariak zerbait xuxurlatuko dio belarrira pertsona bakoitzari, margotu dezan. Bukatzen denean, besteek zer margotu duten asmatu behar dute parte-hartzaileek. Bikoteka egin daiteke, bakoitzak pentsatuz marraztuko duena, eta besteak asmatu egin beharko du.

GAUZAK ASMATZEA. Begiak estalita, joko-zuzendariak saski edo poltsa batean jarri dituen objektuak asmatu behar dituzte besteek. Saskitik atera eta ukitu edo usaindu egingo dituzte; gauzaki gehien asmatzen dituenak irabaziko du. Ile-eskuila, errulo, iragazki, manta txiki, argazki-marko, laranja, slime, … bat izan daiteke.

SOINU BARIK ENTZUTEA. Pertsona bat izango da antzezle, eta zer esaten edo egiten duen asmatzen saiatu behar dute besteek. Baldintza da antzezle horrek ezpainak mugitu edo keinuak egin baizik ezin duela egin. Animaliak, ipuinetako pertsonaiak, filmak … izan daitezke asmatu beharrekoak. Asmatzen duena bihurtzen da antzezle.

Espero dugu jarduera horiek guztiak interesgarriak izatea zuentzat eta etxean zaudeten bitartean familiarekin tarte atsegin bat pasatzeko balio izatea. Hemen dituzue beste ideia labur eta esteka batzuk ere, planteatutakoez gain beste aukera batzuk izan ditzazuen.

BESTE IDEIA LABUR BATZUK

  • Betiko mahai-jokoak: ohikokarta-jokoak, BAT (UNO) karta-jokoa, partxisa, antzararen jokoa, xakea …
  • Beste pertsonen karikaturak marraztea. Bat paratu edo posatu eta besteak karikatura ahalik eta barregarriena egingo du.
  • Asmatu nor edo zer naizen. Pertsona bat jokotik kanpo geratuko da eta poltsatxo batean papertxo batzuk sartuko ditu. Papertxo bakoitzean animalia, landare, superheroi, janari … baten izena edo marrazkia jarriko du. Pertsona bakoitzak pentsatu behar du zelan mozorrotu horretaz, eta gainerakoek asmatu egin behar dute nor edo zer den, bere mozorroaren eta egin ditzakeen keinuen arabera.
  • EMOZIOEN EGUNKARI bat egitea, koaderno arrunt bat apainduz eta egunero zelan sentitzen den idazteko eta marrazkiak egiteko erabiliz.
  • MANDALAK margotzea. Mandala-koadernoak daude margotzeko. Marrazkiak internetetik deskargatzea ere posible da. Ukitu original bat eman diezaiokegu, bukatzean brillantina apur bat gehituz.
  • ORIGAMI. Paperezko hegazkinak, txalupatxoak, txanoak, kokojaleak, … egitea.
  • PICTIONARY-N JOLASTEA. Batek margotu egin behar du eta gainerakoek, denbora mugatu batean, asmatu egin behar dute zer margotu duen.
  • ORRI-MARKAGAILUAK EGITEA makilatxoekin, ZIGILUAK patatekin, KATAPULTAK koilarekin …
  • ZIRRIBORRO KOLEKTIBOAK EGITEA paperean. Batek zirriborro bat hasten du paper batean, eta hurrengoak zirriborro horri jarraipena ematen dio beste paper batean, eta hurrengoak gauza bera beste paper batean. Paper guztiak elkartuz zirriborro handi bat osatuko da azkenean.
  • HITZ KATEATUAK, IKUSI-MAKUSI
  • SCATERGORIES, HONDORATU FLOTA, LERROAN HIRU … paperean.

IDEIAK AURKITZEKO ORRIAK:

https://saposyprincesas.elmundo.es/ocio-en-casa/manualidades-para-ninos/
20 experimentos divertidos y curiosos para enseñar ciencia a tus hijos
https://proyectomantangorri.blogspot.com/2013/11/juguetes-y-materiales-de-juego.html
http://mundodemilu.org/es/2
70 ideas fáciles para jugar con niños dentro de casa
https://www.guiainfantil.com/articulos/ocio/familia/actividades-en-familia-en-casa/

Begoña Ruiz Ibáñez. Psikologoa, Gizarte Hezitzailea eta Psikomotrizista.

BBK Family Learning

×